Mailoko herri larreetarako izena emateko azken eguna hilaren 18a da

Imanol Garcia Landa 2016ko urtarrilaren 15a

Abaltzisketako Udalak Mailoko herri larreetara bere ganadua eman nahi duen ganaduzaleei deia egin die izena emateko. Datorren astelehenean bukatzen da horretarako epea. Izena udaletxean eman behar da eta ganadu kopurua ere zehaztu behar da.

Mailoko larreak Aralar parkearen barruan daude, baina Abaltzisketako herriarenak dira. Herritarrei zuzenduta dago deialdi hau, eta bertara behi, behor, ardi eta ahuntzak igo daitezke. Larreek 108 hektarea dituzte, eta Larraitzetik Txindoki bidean daude, hegoaldetik eta iparraldetik.

Zortzi edo bederatzi ganaduzalek eman ohi dute izena Mailoko larreetarako. Ganadu kopuruari dagokionez, 110 behi inguru, 200-220 ardi inguru, 30 ahuntz inguru eta behorrak 50 buru izan ohi dira. Azken hauek udazkenean sartu daitezke herri larreetara; bitartean, Enirio-Aralar Mankomunitateko lurretan egon ohi dira. Izena orain ematen bada ere, maiatzaren 1etik aurrera eraman daiteke ganadua larreetara.

Zuhaitz parkearen esleipena

Larraitzen dagoen zuhaitz parkearen zerbitzua emateko lehiaketaren deialdia egin ondoren, atzo arratsaldeko osoko bilkuran esleipena ematekoak ziren udalbatzako kideak. Orain arte kudeaketa egin duen BiziBiziki enpresa bakarrik aurkeztu da lehiaketara, eta beraz, berak jarraituko du zuhaitz parkearen ardura izaten beste epe batez.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!