Euskal Tonbolaren Megasaria, Abaltzisketara

Mikel Iraola 2016ko urt. 4a, 20:52

Jonathan Valdivielso abaltzisketarrak jaso du lehen aldiz Kontseiluak banatu duen Euskal Tonbolaren Megasaria. "Sinetsi ezin" dago.

Kotxea, motoa, Karibera bidaia, kruzero bat, urtebetez hilabeteroko 400 euroko erosketa txekea Eroskin, telebista bat, Play Station 4a edota bazkari/afariak jatetxe hainbatetan. Hau dena eta askoz ere gehiago irabazi du Jonathan Valdivieso abaltzisketarrak, Euskal Tonbolako Megasaria tokatu baitzaio.

Euskal Tonbolak 10 urte bete dituen arren, lehen aldia da Megasaria banatzen duena. Euskaraz bizi nahi dut esaldia osatu behar zuten txartelen erosleek eta ondoren zozketan parte hartzeko esaldi osatua bidali. Abenduaren 30ean, 12.000 txartelen artean Valdivielsorena izan zen gutun sariduna.

"Deitu zidatenean oso lanpetuta genbiltzan lanean, erabat estresatuta. Horrelako albiste bat eman eta guztia aldatu zen. Ez dakit nola azaldu" dio Valdiviesok, oraindik sinetsi ezinda.

Dagoeneko pentsatzen hasia da opari horiekin zer egin: "Batzuk niretzat gordeko ditut, baina beste batzuk saldu egingo ditut, lehenagotik baditudalako edo ez ditudalako behar. Uztailean ezkonduko naiz eta ezkontzari begira diru apur bat lortzeko ere aukera ona da".

Inbertsioa euskalgintzaren alde

Gaur goizean egin dute sari banaketa ekitaldia Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean, eta Kontseiluko zein Behatokiko ordezkariek azaldu dutenez, herritarrek Euskal Tonbolan egiten duten inbertsioari esker, euskalgintzak egin dezakeen lana burutzea posible da: "bere ekarpenaren eta berea bezala milaka euskal herritarren ekarpenari esker egiten du lan euskalgintzak euskararen normalizazioan urratsak ematen".

Halaber, Valdiviesok esan du gustuko duela Euskal Tonbolaren proiektuan parte hartzea. Are gehiago, nabarmendu du guztion indarra, energia beharrezkoa dela urratsak eman ahal izateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!