'Ekin eta Dastatu' jardunaldia, etzi

Imanol Garcia Landa 2015ko ira. 11a, 11:59

Bertako produktuak, elikadura osasuntsua eta jarduera fisikoa sustatzea du helburu ekimenak

Larraitz auzoko ermitaren plazan eta Txindokiko Itzala abentura parkean, Ekin eta Dastatu ekimena egingo dute igandean, ekintza eta tailer berriekin. Aurreko urtean jardunaldiak eduki zuen harrera ona dela eta, aurten ere elikadura osasuntsua, bertako produktuak eta jarduera fisikoa sustatzeko helburuz antolatu dute.

Bezeroei osasuntsuak eta onuragarriak diren ohitura eta produktuen ezagutza eta esperientzia eskaintzea da jardueraren helburua. Familiei, gazte zein helduei zuzendutako jarduera izango da. Hainbat eragile daude ekimenaren atzean: Lurlan Baserritarren Elkartea, Garia okindegia, Txindokiko Itzalaren ardura duen Bizibiziki enpresa, Tolosaldea Garatzen eta Larreta esnekiak.

Goizean zehar Txindokiko Itzala abentura parkean edota beste abentura ekintza batean parte hartzen duten guztiek Lurlan-eko produktuekin eta Garia okindegiko ogiarekin egindako pintxo bat izango dute doan. Osasuntsuak diren pintxoak eskainiko dira eta bertako produktuak erabiliko dira gainera. Txindoki mendi tontorrera egun horretan igotzen direnek ere saria jasoko dute, hori bai, tontorrean izan direla ziurtatzeko argazki bat erakutsi beharko dute.

Bestalde, ondo eta osasuntsu elikatzearen garrantziaz hitz egitera nutrizionista bat joango da, bertaratzen diren guztiei gomendioak eta azalpenak emateko. Honez gain Larreta Esnekiak-en eskutik tailer bat burutuko da umeei zuzendutakoa eta, bertan, jogurt artisau naturala egin ahal izango dute etxera eramateko. Azkenik, ibilbide tematiko bat egiteko aukera eskainiko dute, ingurune naturaleko flora eta fauna, mitologia eta ondare kulturalak ezagutzeko.

Egitaraua:

13:30-14:00. Lurlan desgustazio gunea

10:30-12:30. Ibilbide tematikoa (2€)

12:30-13:30. Hitzaldia. El Gallego nutrizionista, "Elikadura orekatua".

12:30-13:30. Larreta Esnekiak tailerra. Jogurt artixaua (doan)

15:30-19:30. Lurlan degustazio gunea

16:00-18:00. Ibilbide tematikoa (2 €)

19:30. Amaiera

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!