Ile apaindegi zerbitzua jarri da martxan Abaltzisketan

Imanol Garcia Landa 2015ko ira. 10a, 10:23
Maria Egunez, ireki berri duen ile apaindegian.

Aste honetatik aurrera, ilea moztu edo apaindu nahi duten abaltzisketarrek ez dute herritik atera beharrik, ile apaindegi zerbitzua martxan jarri baita. Maria Egunez herritarra da ile apaintzailea eta kultur etxeko gela batean egokitu da zerbitzua.

Egunezek azaldu duenez, udalean aurkeztu zuen ile apaindegia jartzeko proiektua. «Hori ikasi nuen eta horretan aritzea izan da nire nahia. Herriko ostatua hartu genuen aurreko urteko azaroan, eta orain ile apaindegia jartzeko aukera izan denean, bietan ariko naiz». Egunezek gaineratu duenez, «gustura» dago, ez zuelako espero bere herrian bertan ile apaindegia izateko aukera izango zuenik. «Nik ikasi dudana da eta gustatzen zaidan zerbait da», gaineratu du.

Ile apaindegi bateko ohiko zerbitzuak ematen ditu: xerloak jarri, moztu, orraztu, permanentea, kolorea eman... Ez du ordu jakinik, baina orain ikasturtea hasi dela eta eskolako haurrei jantokiko zerbitzua Osatuan ematen zaienez, astean zehar arratsaldean hartuko ditu ile apaindegirako bezeroak. Asteburuan ere aritzeko aukera zabalik du. «Ostatuaren jarduna ere eramaten dugunez, bezeroaren eta nire artean konpondu behar gara ile apaindegirako orduak emateko».

Aurreko larunbatean inaugurazio ekitaldia egin zuten eta dagoeneko aste honetan izan ditu bezeroak. «Aurretik ere aritzen nintzen tarteka etxez etxe ile apaintzaile moduan, beraz hainbatek ezagutzen ninduten ile apaintzaile moduan», azaldu du Egunezek. «Egun ere zabalik dut aukera etxeetara joateko, norbaitek arrazoiren batengatik ezin badu ile apaindegira etorri».

Ekintzaileei laguntza

Kultur etxearen egokitzapena eta tresneria udalaren esku izan da, eta Egunezen kontu izango dira zerbitzurako behar diren produktuak. Jon Zubizarreta Abaltzisketa alkateak azaldu duenez, «gure helburua, legealdi honetan, posible diren ekintzaileei laguntzea izango da, beraien jarduera ekonomikoa herrian gauzatuz».

Lekua udalak utzi du urtebetez eta Erein programaren diru laguntzak baliatu ditu proiektua gauzatzeko. «Lehenengo urtea pasa ondoren, balantzea egingo da ikusteko nola funtzionatu duen», azaldu du Zubizarretak. «Dena ondo badoa, ondoren behar bezala esleituko litzateke egitasmoa».

Ile apaindegiarena izan da lehen pausoa, baina aurki beste proiektu bat jarriko da martxan: denetatik salduko duen denda. «Beste ekintzaile batek proposatutako egitasmoa da, eta horretan ere berdin jokatuko dugu. Erraztasunak emango dizkiogu eta urtebete ondoren egingo da balantzea», esan du Zubizarretak. Denda urtea amaitu baino lehen zabaltzea da asmoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!