Txindokiko Itzala parkea gaur gauean zabalduko dute

Ataria 2015eko abuztuaren 29a

Ilargia betea izango da gaur eta Txindokiko Itzala aisialdi gunean jarduera berezia antolatu dute: Ilbete Gaua. Abentura parkean gauez ibiltzeko aukera egongo da 21:30tik gauerdira arte.

Abaltzisketa eta Larraitz lotzen dituen ibilbide irisgarrian zehar ibilaldi gidatu bat burutuko da, gainera, mitologia eta naturaren inguruko istorio eta azalpenekin. Lurralde hauetako kondairak ezagutu ahal izango dituzte gida baten laguntzaz.

Ibilbidearen hasiera 22:00etan izango da Larraizko informazio puntuan. Informazio gehiago nahi duenak, info@txindokikoitzala.com helbidean edo 628 947 253 telefonoan izango du.

Abentura parkeko hiru zirkuituak zabalduko dira gaurkoan: txikia, ertaina eta handia. Ohiko ordutegian dauden arau eta baldintzak mantenduko dira. Hori bai, parte hartzaileei linterna frontal bat eramatea gomendatzen diete antolatzaileek, iluntasunean ibili ahal izateko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!