Orain dela lau urte lortutako antzeko emaitzak izan ditu zerrendak.
Balorazioa ona da. Ikusita zerrendako zazpietatik lauk hirugarren legealdia dugula, eta horrek desgaste puntua izaten duela, eskualdeko onenak dira gure datuak portzentaiari begiratuz gero.
Herri zerrenda aurkeztu ohi da hauteskundeetan. Nola osatzen da?
Hauteskundeak baino bi-hiru hilabete lehenago pare bat egun izendatzen ditugu, eta jendeak bere proposamenak egiten ditu zerrendarako. Ateratzen den zerrendako lehen hogeiri deitu egiten zaie, zerrenda osatzen saiatzeko. Zerrendan geratu ginen aurreneko hiruek segitzea erabaki genuen.
Zergatik hartu zenuen alkate jarraitzeko erabakia?
Batetik, mundu hau gustatu egiten zaidala izango da. Bestetik, ez naizelako guztiz asetuta geratu aurreko legealdian egindako lanarekin, ez herri mailan, ezta Abaltzisketako herri mendian edo Enirio-Aralar Mankomunitatean. Behar batzuk ikusten ditugu eta ardura sentitu, eta jarraitzea erabaki nuen.
Zein da azken lau urteetako bakantzea?
Zaborren gaian nire buruari suspentsoa jartzen diot, eta baita Gipuzkoa guztiari ere. Ez pertsona bezala eta ezta erakunde bezala ere, Gipuzkoan ez dugu maila eman gai honetan. Nolabait konponbidea eman behar zaio. Herrian egon diren desadostasun bakarrak gai horren inguruan izan dira. Bestalde, gure betiko helburua Abaltzisketa herri bizi bat izatea da, lotarako bakarrik ez izatea. Horrekin batera, zerbitzuak eskaintzea. Krisian izan arren, 2007tik mantendu egin dugu udaleko langile kopurua. Bestetik, gimnasioa eraiki da, plaza berria dugu, San Juan plaza berritu egin da, liburutegi zerbitzua dago, gazteentzako hiru lokal... Nik uste dut zerbitzuetan aurrera goazela. Gainera, eskuartean ditugu jarduera ekonomiko txiki batzuk martxan jartzea. Horietako bat ile apaindegia, aurki irekiko dena.
Beste zer asmo dituzue?
Arazo handi samarra ematen ari zaiguna Larraitzen dagoen Ñañarri eraikina da. Udalarena da, eta une honetan itxita dago. Obra eskatzen du, diru askotaz ari gara hizketan, baina ikusita zer eremutan kokatuta dagoen eta zein joko eman dezakeen turismoari begira, esfortzu bat egin beharra dugu. Diru asko da eta bidelagunak bilatu behar dira.
Nola duzue egun hondakinen bilketa herrian eta nola ikusten duzu gaia?
Batetik beira, plastikoa eta papera jasotzeko edukiontziak ditugu, eta bestetik, bi lekutan, Larraitzen eta Abaltzisketan, edukiontzi berdea. Badago jende mordoxka konposta bere kabuz egiten duena, baina guk ez dugu behartu. Ez zaigu iruditzen konposta egitera derrigortuta irtenbiderik aterako geniokeela gaiari. Gu gehiago gara edukiontzi marroiaren aldekoak. Tolosaldea da edukiontzi marroia ez duen eskualde bakarra, eta 2015ean edukiontzi marroia edo organikoa biltzeko sistemarik ez izatea nahiko eskasa iruditzen zait. Estrategia bat markatzen hasi gara udaletik eta gero ikusiko dugu Mankomunitatean zer harrera edota irtenbide dugun.
Herri txikietan etxebizitzarena gai berezia izaten da. Nola dago egun egoera Abaltzisketan?
Ardatzetako bat izan behar du. Une honetan eremu bat izendatuta dugu etxebizitza berriak egiteko, eta seguruena egokituko zaigu hitz egiten hasi beharra lur-jabeekin eta promotoreekin, ikusteko zer formula ateratzen dugun. Ezin dugu geldirik egon, une honetan herritar batzuk hemen aukerarik ez dagoelako ondoko herrietara joaten ari direlako, eta justu hori da nahi ez duguna.