Aralarko larreak irekitzeko ohitura eta festa, uztartuta

Imanol Garcia Landa 2015ko api. 30a, 13:56

Larraitzen festa gunea izango da bihar. Datozen egunetan milaka abere eramango dira Aralarko larreetara. Enirio-Aralar Mankomunitateko Joxe Antonio Irastortza basozainak eman du ekitaldien berri.

Biharkoa 18. aldia izango da Aralarko Larreen Irekieraren Eguna ospatzen dela Larraitzen. Egun horren arrazoia azaldu du Joxe Antonio Irastortza Enirio-Aralar Mankomunitateko basozainak: «Garai batean, urte pila batean, batere kontrolik gabe ustiatzen ziren larreak. Lehentasuna eman nahian artzainei eta hortik bizi zirenei, orain dela 25 urte inguru erabaki zen maiatzaren 1era arte hiru hilabeteetan ganadurik mendian ez edukitzea». Hasiera batean asko kostatu zela hori aurrera eramatea dio Irastortzak: «Aitzindari izan ginen, eta orain ikusten da lan ona egin zela. Eta festa antolatzea ere egun horri indar pixka bat emateko izan zen, eta asmoa dugu horrekin jarraitzeko».

Eguraldiak baldintzatzen du nabarmen Larraitzera joaten den jende kopurua, baina beti izan ohi da jendetsua. «Abaltzisketako gazte batzuk ibiltzen dira trafikoa antolatzen, eta autoak behar bezala aparkatzeko laguntzen. Gero autobus txiki bat aritzen da jendea Larraitzera eramateko joan-etorriak egiten», azaldu du Irastortzak.

Hainbat ekitaldi prestatu dira Larraitzen: musika emanaldia, erromeria, herri kirol erakustaldia, abere erakusketa, askotariko postuak, eta, noski, 12:00etan larreen irekiera ofiziala iragarriko duen suziria.

Aurten ere milaka buru eramango dira Aralarko larreetara. Behi kopurua pixka bat igo egin da eta 860 buru daude izena emanda. Ardiei dagokionez, zerbait jaitsi egingo da eta aurten 17.000 buru eramango dira larreetara. Behor kopurua antzeko mantentzen da eta 720 buru daude izena emanda. Abere guzti horien parte handi bat datorren astean igoko dela aurreikusten du Irastortzak.

 

Egitaraua

Maiatzak 1, ostirala

10:00. Postuen irekiera egingo da eta trikitilariak festa gunean zehar ariko dira giroa alaitzen. Abere erakusketa ere izango da, eta baita esku langintza saioak ere.

12:00. Aralarko larreak irekitzeko suziria.

Ondoren, Nabarralde elkartearen eskutik ekitaldia.

12:30. Kantaldia Arantza, Ainhoa eta Maider Ansa ahizpen eskutik.

13:00. Aizkora erakustaldia Joxe Mari Esnaolarekin. Bost metroko altueran kokaturiko enborra ebakiko du beste ariketa ikusgarri batzuen artean.

Ondoren, Mikel Mendizabal eta Bixente Gorostidi bertsolariak.

17:00. Erromeria Jesus Mujika eta Josu Pildain bikotearekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!