Ausa-Gaztelu oroimen lekua ezagutzeko gonbitea

Imanol Garcia Landa 2015ko api. 30a, 11:42

Ausa-Gaztelu Eguna ospatuko dute bihar; Larraitz eta gotorlekua izango dira ekitaldien guneak. Anjel Rekalde Nabarralde elkarteko kideak eman du egunaren berri.

«Ausa-Gaztelu gure herriaren oroimen lekuetako bat da: iraganaren eszenatoki; gure historiaren mugarriak oroitu, bizirik mantendu eta hedatzea ahalbidetzen duena. Ausan, Nafarroa garenaren froga aurkitzen dugu». Testu horrekin egiten dute gonbita Ausa-Gaztelu Egunaren antolatzaileek bihar Larraitzera joateko eta ekitaldietan parte hartzeko. Nabarralde elkartearekin batera, tokiko elkarteak diren Ipuztar Nafarrak, Erraztiolatza eta Hernani Errotzenek antolatzen dute eguna.

Hainbat ekitaldi antolatu dituzte, horien artean Larraitzetik Ausa-Gaztelurako martxa, eta gotorlekuaren aztarnetan egiten den ekitaldia, eta gero Larraitzen bertan mendi martxakoei ongi etorria egin ondoren egingo den mezu irakurtzea.

Anjel Rekalde Nabarraldeko kideak azaldu duenez, «Ausa-Gaztelu oso toki esanguratsua da. Memoria gunea da. Nafarroako gaztelu bat izan zen bertan, 1200 urtean oso ondo datatuta dago, eta historia franko dauzka bere inguruan».

Ausa-Gaztelu «oso garrantzitsua» dela esan du Rekaldek, «honen atzean debate oso sakon bat dagoelako». Rekaldek gaineratu duenez, «norberaren imaginarioa oso lotuta dago lurraldearekin, eta hori lotzen da errelatoaren bidez. Bakoitzak badu bere errelatoa eta horrela ikusten du bere kokapena, bere ingurua».

Hala, batzuk bere burua «navarrista» moduan kokatzen dutela dio Rekaldek. «Beste batzuk bizkaitar moduan, beste batzuk vascongadista moduan... Guk esaten dugu Euskal Herria dela gure herria, Nafarroa izandakoa, baina azken finean Euskal Herria osotasunean hartuta: herri bat gara, nazio bat, identitate bat dugu, eta horren arabera badago nolabaiteko errelatoa».

Hala, Rekaldek gaineratu duenez, Ausa-Gaztelu moduko lekuek errelato hori gauzatzen dutela esan du: «Hor dugu gure historiaren eta gure nortasunaren datu garrantzitsu bat. 1200 urtean Gaztelak Nafarroari eraso egin zion eta ia lurraldearen erdia jan zion. Eta gerra horraino iritsi zen, hain justu, Aralarreraino, Ausa-Gazteluraino. Gerraren frontea zena, gero antolakuntzan bihurtu zen banaketa instituzionala eta gaur arte iritsi da. Inolaz ez zegoen muga sortu zen kanpoko erasoarekin».

Gaur egun erabakitze eskubidea aipatzen denean, Rekaldek dioenez, «kontuan hartu behar da erabakitze eskubidea lurralde batean kokatzen dela. Batzuk esaten du Nafarroak erabaki behar duela, beste batzuk esaten dute Euskal Herriak... Kokatzen zaren arabera, hor duzu subjektu kolektiboa. Ez gara ari aspaldiko kontuez, ari gara gaur egungo definizioekin, zergatik gertatu diren eta horiek azaldu nahian».

Interesa duten jende guztiari eta batez ere ingurukoei egin die gonbitea Rekaldek Nabarraldetik: «Azken finean, ondarea balore bat da, gure nortasuna, ikurra... badu erreferentzialtasun bat. Zure ingurua, zure lurraldea ezagutu behar duzu, maitatzeko eta baloratzeko. Beraz, bertakoei bidaltzen diegu bereziki gonbitea».

Egitaraua

Maiatzak 1, ostirala

09:00. Topagunea Larraitzen eta mendi martxarako irteera.

11:30. Ausan eta Larraitzen nafar omenaldia.

13:00. IX. mendi martxakoei ongi etorria.

13:30. Ekitaldia eta mezua irakurtzea.

14:30. Bazkaria.

Goizean zehar. Liburu, kamiseta eta DVDak salgai.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!