Euskal Herriko trail estazioa abian jarriko da asteburuan

Imanol Garcia Landa 2015ko mar. 9a, 12:45
Erakundeetako ordezkariak eta Iker Karrera mendi lasterkaria, aurkezpenean. I.G.L.

Aralar eta Aizkorri-Aratz parke naturaletan kokatuta dago, eta bi gune izango ditu, Abaltzisketa eta Zegama. Asteburuan egingo dituzte irekiera ekitaldiak.

Euskal Herriko trail estazioaren aurkezpena egin dute Gipuzkoako Foru Aldundian, eta bertan izan da Jon Zubizarreta Abaltzisketako alkatea. "Orain bi urte sortu zen mahai bat Abaltzisketan, zer jarduera ekonomiko, natura eta mendia kontuan hartuta, sortu zitezkeen ikusteko. Iker Karrera Tolomendiko ordezkaria izateaz gain, munduko mendi lasterkari onenetakoa da, eta berak azaldu zuen Alpeetan bazegoela proiektu bat eta horrek hemen izan zezakeela lekua".

Izan ere, Euskal Herriko trail estazioa Stations de Trail sarean txertatuta dago. Marka kontsezio moduko bat da Stations de Trail, bere  irudi, baldintzak eta arauak dituena, eta mendi korrikalarien artean, mundu osoan, erreferentea. Trail estazioa da mendian korrika egiteko prestatuta dagoen eremua, hainbat ibilbide eta zerbitzu eskaintzen dituena eta nazioartean homologatuak diren seinaleak erabiltzen dituena.

Zubizarretak azaldu duenez, "lehengoko jendeaz gain, beste batzuk erakarriko ditu. Hemengo ibilbide balizatuak egingo dituztenak, eta gero nonbait jan, nonbait lo egin eta inguruko bazterrak ezagutu nahiko dituztenak".

Abaltzisketako herrigunean emango dira zerbitzuak. Harrera Ostatuan eta udaletxean egingo da eta Goibegi eraikinean izango dira gimnasio, aldagela eta dutxa zerbitzuak. Herrigunean ere panelak jarri dituzte, egin ahalko diren ibilbideak zehaztuz. "Etorkizun batean Larraitzen jarri nahi dira azpiegiturak", esan du Zubizarretak. "Ñañarri jatetxea udalarena da eta orain itxita dago. Hor aterpetxe-hostal, jatetxe eta trail estazioako azpiegiturak jartzeko asmoa dugu. Diru asko behar da eta finantziaziorik ez da bilatu. Bitartean Abaltzisketatik emango zaio zerbitzua". Zubizarretak eskerrak eman dizkio Foru Aldundiari emandako laguntzarengatik. "Orain guk egin behar dugu lana ahal den zerbitzu onena emateko".

Trail estazioaren beste harrera gunea Zegamako Anduetza parketxean izango da. Edurne Albizu Zegamako alkateak azaldu duenez, "2001ean gure herria ezagutarazteko mendi lasterketako maratoien munduan sartzea erabaki zuen udalak. Kirol proba bat da, baina baita Zegamara ejendea erakartzeko. Lortu dugu Zegama munduan zehar kokatzea". Albizuk gaineratu duenez, "herriek behar dutena da etorkizuna bermatzeko behar diren gauzak aurrez ikustea". Antton Bandres tolosarra aipatu du Albizuk: "Berak esaten zidan maratoiak zuen arrakasta hori zela eta, Zegaman jarri beharko genuela teknifikazio zentro bat edo, eta aldundiak bultzatutako oraingo proiektu hau borobil-borobil etorri da. Jendea mendira etortzen da entrenatzera eta beharrezkoa zen azpiegitura batzuk izatea".

Penintsulako lehenengoa

Jon Peli Uriguen Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismoa departamentuko foru diputatuak nabarmendu duenez, penintsulako lehen trail estazioa izango da. Horrez gain, "munduko kirol proba garrantzitsuetako bi" barneratzen dituztela bi esparru horiek esan du: Zegama-Aizkorri maratoia eta 100 milak lasterketa. Proiektu hau ez dela gauza isolatua esan du Uriguenek: "Aspaldi Gipuzkoa erreferente bihurtzen ari da kirolaren eta mendi ibilbideen turismoan. Bidexken sarea osatuta dago, eta ia Gipuzkoa osoa zeharkatzerik dago GR bidez. Sarea osatzeko gutxi falta da, eta irisgarritasuna ere hobetzen ari gara".

Roke Akizu Mendietako eta Natura inguruneko zuzendariak azaldu duenez, hasierako inbertsioa 35.000 eurokoa izan da eta beste 20.000 euro inguru ipiniko dira seinalizazioak martxan jartzen. "Inbertsioa bat da, horrelako azpiegitura batek etorkizun luzea duelako eta aberastasuna ekarriko diolako ingurune guztiari". Naturaz gozatu, eta aberastasuna eta enplegua sortzen lagunduko diela  barnealdeko eskualde horiei azaldu du Akizuk: "Gozatu naturaz, baina indarrean hartu eta kaltetu gabe. Horregatik mendiko xendrak eta ibilbideak egokitzea du garrantzia, horrek laguntzen baitu mendiaren kontrolik gabeko inbasioen ondorioa murrizten, eta naturari egiten zaion erasoa arintzen".

Iker Ruiz de Eguino Turismo eta Kanpo Harremanetarako zuzendariak gaineratu duenez, "Turismo departamendutik oso garrantzitsua iruditzen zaigu aukera hau, oso baliagarria turistak erakartzeko Gipuzkoako barrualdera. Bertako produktuak sustatzeko aukera izango da ere".

Hamasei ibilbideren seinaleak jarri dituzte, 279 kilometro batzen dituena bi parke naturaletan. Bestalde, sei tailer jarri dira martxan: Larraitzen hiru kilometrotako ariketarako entrenamendu zirkuitu bat, 200 metroko aldapan ariketa egiteko beste gune bat, eta lau kilometro duen zirkuitu bertikala. Zegaman 1,4 kilometroko entrenatzeko zirkuitu txiki bat, eta bi ibilbide bertikal: Aizkorrira 3,2 kilometroa eta Donejakuera beste 8 kilometrokoa. Bi panel nagusi jarriko dira: Abaltzisketan eta Zegamako Andueza parketxean. Bestalde, 800 ikur jarri dira lau hizkuntzetan, euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez, eta webgunean ere lau hizkuntzetan aurkitu daitezke.

Astebururako hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Larunbatean Larraitzen izango dira, eta igandean Zegaman. Larraitzen, besteak beste, Abaltzisketa eta Zegama arteko erronka izango da. Igandean, teknifikazio saioak egingo dira korrikalari adituekin, tartean Leire Agirrezabala ibartarra. Igandean bertan ere korrika saio sinbolikoa egingo du Iker Karrera amezketarrak Abaltzisketa eta Zegama guneak bilduz, eta horren ondoren egingo dute trail estazioaren aurkezpen ofiziala. 

Egitaraua

MARTXOAK 14, LARUNBATA:

Lekua: Abaltzisketa, Larraitz auzoan, Txindoki mendiaren magalean.

16:00. Zegama vs. Abaltzisketa erronka:

Bi herrien arteko lehia izango da, 3 partaidez osatutako taldeen artean. Txindokiko magalean 200 metroko igoera bertikalak hasiera emango dio erreleboz osatutako proba honi bukaera ere Txindokira doan ibilbideko atakan emanez.

17:00. Sari banaketa: Bi herrien arteko desafioa bukatutakoan talde irabazlearentzat sari banaketa egongo da.

15:30/18:00 Stand-ak eta azoka: Tarte honetan aparkalekuan hainbat erakusmahai egongo dira kokatuta (Raidlight, Lurlan, Trail Station, Parketxe Sarea, Gipuzkoa Turismoa…). Bertara inguratzen den jendeak Trail Estazioen sarea zer den edota trail munduko ekipamendu egokia ezagutzeko eta lurraldeko produktuak ezagutu eta erosteko aukera izango du.

MARTXOAK 15, IGANDEA:

Lekua: Zegama, Anduetza Parketxean.

8:30-14:00

Ibilaladiak: Bi korrika saio gidatu egongo dira goiz partean Trail Estazioaren inguruko ibilbide desberdinak ezagutzeko. Korrikalari taldeek kirol honetako profesionalekin sesio gidatua egiteko aukera izango dute, mendi lasterketarako beraien aholku pertsonalak jasoz. Korrikalarien maila eta esperientziaren arabera bi ibilbide mota proposatu dira, 10km eta 18km takoak. Ibilbide motzena, 10km-koa, mendiko lasterketan hasiberriak diren pertsonentzako edota kirol-modalitate hau frogatu nahi dutenentzako pentsatua dago. Izan ere, Trail Estazioaren helburuetako bat mendiko lasterketa praktikatzera jende berria animatzea izan behar du.

Korrikalari profesionalak: Korrika saioak gidatuko dituzten mendiko lasterkari profesionalak hauek izango dira:

  • Jokin Lizeaga (Mendi Lasterketetako Euskal Selekzioa)
  • Leire Agirrezabala (Mendi Lasterketetako Euskal Selekzioa)                                 
  • Aitor Lopez Rekarte (Futbolari profesional ohia)                
  • Zigor Iturrieta (Helly Hansen-Compressport)                
  • Uxue Fraile (Trailrunning Team Vibram)
  • Maud COMBARIEU (Equipo Raidlight, Fr).

8:30-12:15- Aratz ibilbidean zehar korrika saio gidatua (18Km):

  • 8:30- Zegama, Anduetza Parketxean: Korrikalari guztiak ekipamendu eta arropa aproposarekin prest egon beharko dute gidariarekin bat egin eta beroketa saio baten ondoren korrika saio gidatuari hasiera emateko.
    • 8:30-12:15: Korrika saio gidatua.
      • Ibilbidea egiteko beharko duten denbora: 3:30 h
      • Zirkuituaren luzera: 18,01Km
      • Altura max: 1.034,40m
      • Gora-behera metatua: 1.351,70m
      • Korrikalari kopurua: 80 pertsona (18 urtetik gora).
      • Izen-ematea: www.kirolprobak.com

9:30-11:30- Arranoaitz korrika saio gidatua (10Km):

  • 9:30- Zegama, Anduetza Parketxean: Korrikalari guztiak ekipamendu eta arropa aproposarekin prest egon beharko dute gidariarekin bat egin eta beroketa saio baten ondoren korrika saio gidatuari hasiera emateko.
    • 9:30-11:45: Korrika saio gidatua.
      • Ibilbidea egiteko behar duten denbora: 2:00 h
      • Zirkuituaren luzera: 10,47Km
      • Altura max: 864,5m
      • Gora-behera metatua: 681,40m
      • Korrikalari kopurua: 60 pertsona (16 urtetik gora).
      • Izen-ematea: www.kirolprobak.com

9:00-12:30- Hainbat ekintza Anduetza Parketxean, familiei zuzendutakoak:

Tailer eta ekintza kulturalak: Jarduera guztiak Anduetza parketxean bertan egingo dira. Ibilaldiaren hasiera eta amaiera puntua ere Parketxea izango da.

9:05-10:15. Ibilaldi gidatua Murgizelai ibilbidean zehar (Gure paisaia kulturala ezagutuz)

10:15-10:45. Bisita gidatua: Xiloteka irekiera, egurraren erabilerak munduan zehar

10:45-11:15. Bisita gidatua: Anduetza Parketxea,  "San Adrian, denboran zehar igarobidea" erakusketa

11:15-12:30. Talo tailerra haur eta familientzat

  • Stand-ak: Raidlight, Parketxe Sarea eta Gipuzkoa Turismo (ibilbideen informazioarekin), Mendi Lasterketetako Euskal Selekzioa, Athlon Coop. kirol-medikuntza espezializatua, gastronomiako stand bat, etab. 

12:30- Trail Estazioaren aurkezpena: Iker Karrera korrikalariak bi parke naturalak, Aralar eta Aizkorri-Aratz, batu egingo dituen korrika saio sinboliko bat egingo du, helmugan Zegamako Anduetza Parketxera iritsi eta lekukoa Trail Estazioaren aurkezpenari emanez. Jarraian, estazioaren aurkezpen nagusia egingo da, honen helburu eta onuren inguruan berba eginez. Bertan Foru Aldundiko zenbait ordezkarik, Station de Trail markako ordezkariekin batera (Francis Dujardin eta Benoit Laval), proiektuaren inguruko zenbait xehetasun aurkeztu ahal izango dituzte.

Ondoren parte-hartzaile guztien artean zozketa banaketa egingo da, kirol produktu eta bestelakoez osatutako sariekin. Honez gain, korrika egin ostean indarberritzeko hamaiketako dastatzeko aukera egongo da.

Zozketak: Raidlight markako produktuak, mendiko lasterketako material teknikoa; 2015eko Zegama-Aizkorri Mendi Maratoirako dortsal bat; bestelakoak (liburuak, La Perla Talasoterapia bonoak…).

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!