Herri Ostatuko arduradun berriak, martxa hartzen

Imanol Garcia Landa 2015ko urt. 29a, 10:57

Jonathan Valdivieso eta Maria Egunez, Herri Ostatuaren kanpoaldean.

Maria Egunezek eta Jonathan Valdiviesok ostatuaren ardura hartu zuten orain hiru hilabete. Entzun Jonathan Valdiviesori egindako elkarrizketa.

 


Azaroaren 3an hartu zuten Maria Egunez abaltzisketar eta Jonathan Valdivieso tolosar bikote gazteak Abaltzisketako Herri Ostatuaren ardura. Aurreko arduradunak, Agurtzane Garmendiak, egun bat lehenago utzi zuen, eta aurreko astean laguntzen aritu zitzaien. «Hasiera gogorra izan genuen, baina orain nahiko ondo konpontzen gara», azaldu du Valdiviesok. «Eskarmentu gutxi genuen, jende asko etorri zen eta martxa hartzea gogorra egin zitzaigun». Bide batez, hasiera horretan jaso zuten laguntza eskertu du Valdiviesok, bai Garmendiak emandakoa eta baita lagunek eskainitakoa ere.

Valdiviesok berak buruan zuen tabernaren bat hartzeko asmoa, eta Garmendiak Ostatua utzi egin behar zuela jakitean, bikotekideari komentatu eta animatu egin ziren.

Herri Ostatuaren betebeharretako bat eraikin berean dagoen herri eskolaren jangela izatea da. «Ondo moldatzen gara haurrekin. Hasieran neurria hartu behar izan genion, eta orain ondo joaten da zerbitzua», esan du.

Horrez gain, jatetxeari dagokionez, menuak eta plater konbinatuak ematen dituzte. Taberna zerbitzua ere badute, noski. Asteko egun guztietan dute zabalik Ostatua. Aurrera begira asmoa dute ekitaldiak antolatzeko, mus txapelketak edo bertso afariak, esaterako.

Herri Ostatuak ematen duen zerbitzua «beharrezkotzat» ikusten du Valdiviesok Abaltzisketa bezalako herri txiki batean: «Garrantzitsua da herriko jendearentzat horrelako leku bat izatea. Azken finean, elkargunea ere bada. Hemen elkartzen dira gurasoak haurren bila eskolara etortzen direnean, eta erretirodunak ere asteazkenetik ostiralera arratsaldetan etortzen dira musean jokatzera».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!