Euskal Herriko 'Trail Estazioa'ren harrera puntuetako bat, Abaltzisketan

Tolosaldeko Ataria 2014ko aza. 25a, 14:03

Gipuzkoako Foru Aldundiak sinatu berri du hiru urterako akordioa “Réseau des Stations de Trail” nazioarteko elkartearekin Aralar eta Aizkorri-Aratz parke naturaletan trail estazioa ezartzeko.

Station du Trail sarearen estazio bat erakusten da bideo honetan (frantsesez)

Gipuzkoako Foru Aldundia Euskal Herriko "trail estazioa" prestatzen ari da, Aralar eta Aizkorri-Aratz parke naturaletan. Trail estazio bat da mendian korrika egiteko prestatuta dagoen eremua, hainbat ibilbide eta zerbitzu eskaintzen dituena eta nazioartean homologatutako seinaleak erabiltzen dituena.

Hiru urteko hitzarmena sinatu dute Jon Peli Uriguen Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko diputatuak eta Francis Dujardin Trail Stationeko baliabide zuzendariak. Tolomendi, Goitur, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Tolosaldea Garatzenen lankidetzari esker gauzatu da egitasmoa.

“Réseau des Stations de Trail” (Stations de Trail sarea) marka kontzesio moduko bat da bere irudi, baldintzak eta arauak dituena, eta mendi-korrikalarien artean, mundu osoan, erreferentea.

Kontratua sinatzeak hiru urterako esklusibotasuna dakar, hau da, Euskal Herrian ezingo du beste inork horrelako egitasmorik garatu.

Gainera, gure trail estazioa komunikazio baliabide eta euskarri guztietan barneratzea dakar, alegia, nazioarteko sarean emango dute gurearen berri, Europa osoan. Bestalde, korrikalariek smartphone aplikazioak erabili ahal izango dituzte ibilbideak ikusteko, mapak begiratzeko eta egindako denborak ezagutzera emateko, besteak beste.

"Frantzian horrelako zortzi estazio zeuden 2103an, baina 2014rako, guztira, 15 izango dira", zehaztu dute foru aldunditik.

Natura turismoa

Burututako sinaduraren helburua da naturari lotutako aisialdi jarduerak bultzatzea, eta, zehazki, Gipuzkoako barnealdeko turismoa laguntzeko tresna erabilgarria izatea."Kirol turismoa mundu osoan indartzen ari da, eta horrelako sare batek kirolzale ugari erakarriko ditu", azaldu dute aldundiatik.

Foru Aldundiak 35.000 euro jarriko ditu trail estazio hori abian jartzeko. Denera, 16 ibilbide prestatu dira. Abaltzisketan eta Zegaman kokatuko dira trail estazioaren harrera puntuak, eta bietan mendi-lasterkariek hainbat zerbitzu izango dituzte (gimnasio, aldagelak, dutxak...), baita eskualdeko informazio orokorra ere.

Trail estazioaren ibilbideak gauzatzeko parkeetako egungo ibilbide sareak erabiliko dira batez ere, orain dauden seinaleei trail estazioarenak erantsiz. Zailtasun ezberdineko ibilbideak ezarriko dira. Hitzarmenaren sinadurarekin, beraz, egitasmoa abian da, eta, berandu baino lehen, ibilbideko seinale berriak jarriko dira. Datorren udaberrian ireki nahi dute trail estazioa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!