«Pena handiz» utziko du Agurtzane Garmendiak Ostatuaren ardura

Imanol Garcia Landa 2014ko urr. 17a, 10:00
Agurtzane Garmendia, Abaltzisketako Ostatuaren kanpoaldean.

Azaroaren 2an utziko du, osasun arazoak direla eta. Ataria Irratian egin diogu elkarrizketa.

Bost urte eta erdiren ondoren, azaroaren 2an utziko dio Agurtzane Garmendiak Abaltzisketako Ostatua eramateari. Amezketan bizi eta baliarraindarra izatez, Garmendiak «pena handiz» utziko du ardura: «Osasun arazoengatik utziko dut. Lau hilabete daramatzat hanketako arazoengatik gaizki, eta azkenean medikuak esan dit hobe dudala serio zaintzea. Ez da gaizki doalako, osasun kontuengatik da».

Garmendiak nabarmendu du Ostatuak «oso martxa ona» duela: «Herri txikia da, baina Ostatuaren eraikin berdinean eskola dago, eta horrek bizi polita ematen dio». Eskolan 33 haur daude eta horietatik 14k Ostatuan bazkaltzen dute.

Garbi du Garmendiak horrelako establezimendu batek funtzionatzeko beharrezko direnak: «Gertutasuna, irekia izatea, leiala, langilea eta denei bai esateko prest egotea». Herri handietako ostatu eta tabernekin aldea dagoela dio: «Ez da jende asko ondotik pasatzen diren horietakoak. Hemen jende gutxi izaten da, eta tarteka kolpe asko. Behin ere ez dakizu seguru zerekin topatuko zaren». Beraz, aurreikuspenak izatea garrantzitsua da: «Aurretik gauzak prestatuta izanik eta garaiko elikagaiak jarriz, aurrera egin dezakezu horrekin». Ordu asko sartu behar direla gaineratu du: «Barraren atzean pasatzen dituzunak, askotan etxean bertan, enkarguak direla... gauza asko daude egiteko».

Harreman estua bezeroekin

Herri txikietan gertatu ohi den moduan, herri ostatuak bilgune izaten dira, eta Abaltzisketakoa ere bai: «Haurrek ematen dute bizi asko. Gero, irakasleak eta gurasoak direla, jendea pasatzen da. Bestalde, hilerriko giltza dela, frontoiko argiak pizteko fitxa dela, postariak zerbait utziko duela eta ez dakit nork zerbait ekarriko duela... Azkenean denen etxean bezala bihurtzen da».

Bezeroekin harreman estua sortzen dela dio Garmendiak: «Aiton-amonek bere baloreak kontatzen dizkizue, eta asko animatzen dute. Jende helduak asko lagundu dit. Gero, nire estiloko jendea etortzen da, hau da, amak, eta beraiekin tertulian aritzen gara. Gazteekin ere zoragarri, Abaltzisketako gazteak ere asko maite ditut eta beraiek ni ere bai. Adinean diferentzia izan arren, ez dago hitzekin esplikatzerik zer harreman sortu dugun elkarrekin. Haurrekin ere oso harreman polita izan dut».

Egunotan, ehiza denboraldia hasita dagoela, bisita berezia jasotzen du: «Ehiztariak etortzen direnean oso giro polita sortzen da. Goizetan, 07:00etan izaten da zozketa udaletxe azpian, eta inguruko herrietatik ere etortzen dira ehiztariak. Goizean goiz etortzen naiz, etxetik tortilla handi bat eginda, eta irekitzen dituzu ateak eta alasitasuna izaten da. Egunero txiste bat kontatzera konprometitu nituen, eta nik ere zerbait kontatzen diet. Oso ondo portatu dira nirekin, eta pena dut aurtengo denboraldia amaitu baino lehen utziko dudala ostatua».

Horrelako proiektu batean sartzean, bakoitzak buruan bere ideiak dituela dio Garmendiak, baina gero egunerokoan konturatu da gehiago balio duela uneak eskatzen duenari erantzutea: «Azkenean sukaldea beti irekita izan da. Arratsaldeko lauretan jaisten da Txindokitik norbait edo saltzaile bidaiari bat berandu dabilela, eta sukaldea prest izan behar duzu».

Urte hauetan Ostatutik igaro diren guztiei eskertzeko, zenbait ekitaldi antolatu ditu Garmendiak. «Hainbeste jende etorri denez, eta oraindik jarraitzen dute etortzen, nahi nuen deneri merezitako agurra egitea. Igandean Elustondo anai-arreba trikitilariak etorriko dira, 16:00tik aurrera. Abaltzisketako festetan beti izaten dira, eta beraiekin lotura polita dut. Nik pintxo pila bat jarriko ditut eta etortzen direnei aurrenekoa gonbidatu egingo diet,eta baita edatekoa ere».

Astelehenean bereziki eskolakoentzat merienda prestatu du, ikasle, guraso eta irakasleentzat, beraiei agur berezia egiteko.

Beste agur ekitaldia herritarrek bultzatutakoa da. Bazkaria egingo da urriaren 25ean, 14:00etan, Ostatuan bertan. «Herri mailan izango da, eta nahi duen herritar orok izena eman dezake. 20 euroko menua jarri dugu, eta espero dugu giro ona izatea». Garmendiak garbi du: «Asko ikasi dut, nire burua proban jarri dut, eta oso lotura polita egin dut leku honekin eta bertara etorri direnekin. Uso banda bat haina musu denontzat».

Agurtzane Garmendiaren ondoren Ostatuaren ardura hartzeko interesa dutenak badaude, eta udalak aurrerago jakinaraziko du zeinek hartuko duen Ostatua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!