Maialen Senperena: «Sanjoan bezperak beti egin izan digu ilusioa abaltzisketarroi»

Asier Imaz 2014ko eka. 20a, 11:50

San Joan bezperan suaren inguruan dantza egiten dute Abaltzisketan: San Joan dantza eta Soka dantza. 21:00etan piztuko dute sua. Maialen Senperena 18 urteko abaltzisketarra da, eta beste herritarrekin batera, dantzan ibiliko da.

San Joan bezperako dantzariak zein adin tartean ibiltzen zarete?  
5 urteko haurretatik hasi eta aspertzen garen arte. Aurten adibidez, txikienak 5 urte izango ditu, eta zaharrenak 20.  
Beti horrela al da?
Aspaldiko urteetan bai. Txiki-txikitatik hasten zara dantzan, eta nazkatutakoan uzten duzu. Belaunaldi berriak atzetik etorri eta erreleboa emandakoan.   
Zu beteranoen artean zaude, beraz, aurten.  
Horrela da. Guri beti egin izan digu egun horrek ilusioa. Txikitatik ezagutu eta bizi dugun ohitura da. Pozik hartzen dugu, beraz, sanjoan bezpera. Txikienekin ere berdin gertatzen da, eta baita gurasoekin ere. Hauek bere garaian dantzan ibili ziren, eta orain, euren seme-alabak ikusten dituzte bide hori egiten.
Belaunaldietan atzera doan ohitura da, beraz.   
Nik betidanik ezagutu dut. Hasieran, Soka dantza guztia mutilek bakarrik dantzatzen zuten. Saioaren amaieran, Fandangoa eta Arin-arina dantzatzeko neskak ateratzen ziren korrora. 8-9 urte nituela, zaharrenek utzi egin zuten, eta ez zen nahikoa mutil dantza egiteko. Orduan, neskak ere Soka dantza egiten hasi ginen. Duela hiru urte, garai batean dantza egiten zuten haietako batekin hitz egiten, herrian dezente mutil zegoela ikusi genuen. Berak lehengo ohitura haietara itzultzea proposatu zuen, eta berriro ere mutilak bakarrik hasi ziren Soka dantza egiten.  
Emanaldia nola banatzen da?  
Aurrena sua pizten dute, eta apaizak bedeinkatu egiten du. Gero, neska eta mutilek San Joan dantza egiten dugu suari begira. Gero mutilek Soka dantza egiten dute; alkateari desafioa dantzatuz, desafio erdia, Alpargata izeneko dantza, eta gero kanpotik bi neska hartu eta hauei Aurreskua dantzatzen diete. Bukaeran, neska nahiz mutil, korroan Fandangoa eta Arin-arina dantzatzen ditugu.  
Noiz hasten zarete hori dena prestatzen, entseguak eta abar.
Apirilaren eta martxoaren bukaeran, herriko bi gazte, txikienak prestatzen hasten gara. Betidanik datorren ohitura denez, denek badakite herrian bost urterekin dantza ikastea tokatzen zaiela, sanjoan bezperan egiteko. Pozik hartzen dute haurrek, baina ez da inor derrigortzen. Norbaitek ez baldin badu nahi, ez du egiten eta ez da ezer gertatzen.  
Abaltzisketako Jaien barruan egiten da hori dena. Behin emanaldia bukatuta, dantza gehiago etorriko dira, ezta?
Bukatzen denean sua itzali egiten da, eta kioskoan trikitilariak hasten dira. Dantzariok etxera joan eta aldatu egiten gara, ondoren, berriro dantzara itzultzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!