Iluntzeko 20:30ean Goibegi etxean. Hori da Abaltzisketako bizilagunekin Tolosaldeko Atariak gaurko lotu duen hitzordua. Bertan, Atariari buruzko azalpenak emango dituzte bertako arduradunek, eta besteak beste, joan den ostiralaz geroztik astero Alegialdeko etxe guztietara iristeko hasitako kanpainaren xehetasunak emango dituzte.
Izan ere, joan den astean hasi eta maiatza arte, ostiralero, Abaltzisketa, Alegia, Altzo, Amezketa, Baliarrain, Ikaztegieta eta Orendaingo etxe guztietan banatuko da Atariaren astekaria, doan. Horrela, oraindik Tolosaldeko Ataria gertutik ezagutzen ez dutenek etxean bertan jasoko dute eskualdeari buruzko 32 orrialdetako aldizkaria. Horrekin batera, ostiralero, Alegialdeko herrietatik bertatik egingo da Ataria Irratia. Eta behin kanpaina amaitu ostean, Alegialdean beste 100 Atarikide berri lortzea da asmoa. Kanpaina hau aurrera eramateko ezinbestekoa izan da udalen laguntza.
Guzti horri buruz hitz egin eta herritarren iritziak jasotzeko, jada egin zen lehen bilera Alegin. Txintxarri abesbatzakoak, Intxur futbol taldekoak, Harituz bertso eskolakoak, Bedaioko eta Baliarraingo bizilagunak,.. dozenatik gora herritar bildu zen Alegiako kultur etxean joan den ostegunean. Kanpainan jarritako helburua, Ataria ezagutaratzea eta ondorioz, beste 100 Atarikide berri bilatzea posible zela ikusi zuten. Era berean, komunikazio eskaintza elikatzeko nork bere jardunean egin beharreko saiakerak izan zituzten hizpide. Gaur egungo banaketa sistemaren gabeziak ere atera ziren mahai gainera, eta horiek nola konpondu aritu ziren luze eta zabal.
Irratia eta internet Alegiko plazatik
Bileraz gainera, Tolosaldeko Atariak bere eskaintza komunikatiboa zuzenean partekatu nahi du herritarrekin. Horregatik, datorren ostiraletik hasita, irratia herrietatik bertatik egingo da datozen asteetan Alegialdean. Lehen irratsaioa Alegian bertan egingo da, herriko plazan, goizeko 10:00etatik arratsaldeko 13:00etara.
Bertan, herriko erakundeen ordezkariek, kultur eta kirol eragileek, herritarrek, Atarikideek,... eta Ataria Irratira hurbiltzen den edonork har dezake parte. Eta ez soilik irratian; goiz horretan, internet Alegiako plazatik elikatuko baitugu. Beraz, etortzen diren herritarrei eginiko argazkiak eta unean-uneko kronika berehala igoko dira Ataria.info-ra eta zabalduko dira sare sozialen bitartez.
Hurrengo hitzorduak
-Aurkezpenak: Ostegunean 19:00etan Altzon, udaletxeanMartxoaren 27an 19:00etan Amezketan
-Irratsaioak: Ostiralean 10:00etatik 13:00etara Alegiko plazan
Martxoaren 28an Altzon