Izan ere, Zubizarretaren ustez «1995 inguruan herriak ondoa jo zuen, herria hustutzen eta zahartzen ari zen», etxebizitza politika baten faltan herriko gazteek herritik joan behar izaten baitzuten.
Orain egoera erabat aldatu da. Horretarako etxebizitza berriak eraikitzea eta eskola martxan jartzea ezinbestekoak izan dira. Gainera, «gazteek lokal batzuk dituzte elkarrekin egoteko, elkartea eta tabernak daude, ikastaroak antolatzen dira, gimnasia leku bat dago...»; hau da, herria bizia dago.
Turismoa eta lehen sektorea
Orain ekimen berri bat jarri dute martxan. Helburuak herritarrek aisialdirako herrian bertan aukerak izatea eta orain hain zabaldua dagoen langabeziari aurre egitea dira. Bigarren honetarako, «turismoa eta lehen sektorea» bultzatu nahi dituzte Zubizarretaren esanetan.
Lehen sektorea beti egon da herriari lotua eta honi bultzada nola eman pentsatzen ari zirenen sortu zitzaien ekimen berri baterako ideia. Tolosaldea Garatzen eta bestalko eragileekin harremanetan jarri dira ekimena martxan jartzeko. Eragile hauen laguntzarekin herritar bat kontratatu dute urtebeterako ekimena martxan jartzeko. Helburua herritik abiatutako eta herriarentzat den sistema bat osatzea da, kontsumo taldeen antzera funtzionatuko lukeena.
Jada baserriz baserri ibili dira, lurra edo abereak dituzten herritarrengana jo dute eta herri mailan saltzeko zein produktu izan ditzaketen galdetu diete. Era berean, herritarrengana, jatetxeetara eta eskolara ere jo dute eta hauei herrian dauden produktuetatik zer erosteko prest egongo lirateken galdetu diete. Eta horrez gain, beharrezkoak izango liratekeen beste zenbait faktore ere kontuan hartu dituzte. Esate baterako, hiltegiekin hitz egin dute animaliekin zer pausu eman beharko liratekeen jakiteko.
Duela astebete egin zuten herritarrekin gai honen inguruko lehen bilera. Hala ere, Zubizarretak argi du prest daudela «informazio guztia emateaz gain, egin beharreko bilerak egiteko».
Beraz, ekonomia aldetik «inbertsio handirik» aurreikusten ez duten une honetan, euren indarra eta esfortzua herria biziberritzen jarraitzeko ahaleginetan eta batez ere, lan arloaren gaian izango dute euren indarra jarria. Bide batez, herrian presentzia handia izan duen baserria eta lehen sektorea orokorrean bultzatuz. Eta horretarako, herritik herriarentzat martxan jarritako ekimena sustatuko dute.