Abaltzisketa txerri festa eta azoka ospatzen ari da

Ataria 2013ko abenduaren 28a

Goizeko 10:00etan hasi da Abaltzisketa herria ohitura izandako "Txerri Festa" ospatzen. Herriko frontoian bildurikoek txerri puskak jateko aukera izan dute. Santo Tomas eguna dagoeneko igaro bada ere, aurtengoan Abaltzisketan abenduaren 28an ospatzeko unea iritsi da.

Herriko Txalburu Eskolak gidatuta Abaltzisketako frontoian azoka osatu dute herritar eta kanpotarrentzat: barazkiak eta frutak, eskulanak, etxeko postreak, arropa, brikolaje-erremintak... 

 

Bertaratutakoen arretarik gehien sortu duen postua berriz, egurra mozteko makinarena izan da. Juan abaltzisketarraren makinak bisitarien atentzioa deitu du; egurrak mozteko orduan lana errazten duen tramankulua baita, behin baino gehiagotan bizilagunei utzitakoa dela ere aitortu du Juanek. 

 

Txalburu Eskolako ikasle zein gurasoek herriko eskola txikiarentzako dirua eskuratzeko intentzioarekin ere postua jarri dute gaurko azokan. Ezin ahaztu, abenduaren 28a izanik, Inuzente Eguna, azokan zebiltzaten ume askoren eskuetan eta zenbaiten sorbaldetan "inuzente txotxongilo"ak ere ikusi izan direla. 

 

Eguerdi aldean, abaltzisketarrek frontoian bertan herri bazkaria ospatuko dute eta egunari amaiera emateko, eguna alaitu asmoz bertsolariak eta trikitilariak ariko dira. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!