36ko gerrako sekretuak azaleratzen ari dira

Irati Urdalleta 2019ko uzt. 11a, 17:05

Eusko Gudarosteak erretiran utzi eta matxinatuek hartu zituzten kanoien kokalekua eta horiek botatako obus zatiak aurkitu dituzte lehenengoz, Belkoain mendiaren inguruan.

Aranzadikoak indusketa lanak egiten ari dira Belkoain mendiaren inguruan. 1936ko abuztuaren 28tik irailaren 19ra arte egon ziren bertan euskal gudarien eta matxinoen arteko borrokak. Azken sei urteetan Aranzadi indusketak egiten ari da Adunan, Larraulen, Asteasun eta Zizurkilen, eta Eusko Gudarosteak egindako erresistentziaren arrastoak bilatu izan dituzte. Hala ere, aurten aurkitu dituzte lehen aldiz kanoien kokalekuak eta horiek botatzen zituzten obus zatitxoak. Horiez gain, ehunka bala zorro ere aurkitu dituzte. Bertako baserritarren laguntza oso garrantzitsua izan da lekua non dagoen jakiteko. "Azkenean, Zarateko Bentako Angel Usabiagak ekarri gaitu hona, aitari entzuna ziolako", azaldu dute Aranzaditik.

Aranzadikoek azaldu dutenez, errepublikazaleek bi kanoi zeuzkaten eta matxinatu frankistek harrapatu zizkieten. Ondoren, gudariei ehunka jaurtigai botatzeko baliatu zituzten, eta horien arrastoak dira orain aurkitu dituztenak. Horietako batzuk metrailaz beterik daude eta beste batzuk lehergailuz. Dagoeneko badakite matxinoen armada oso ondo prestatuta zegoela eta hemen herritar xumeak zeudela, Kandido Sasetaren komandantzian armatutakoak, baina aurkikuntza horiek garrantzitsuak izango dira jakiteko erresistentziaren mugimendua nola antolatu zen.

Uztailaren 1etik 14ra bitartean, hogei gazte inguru aritu dira lanean 36ko gerra garaiko trintxeretan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!