Grabatuak jarri ditu ikusgai 6025 artistak, Plazida Otañon

Aiztondoko liburutegiko erakusketa gelan 20 artelan jarri ditu Gasteizko artistak eta ekainaren 16ra arte izango dira bertan jarrita; aurreko ostiralean egin zuten inaugurazioa.

Dead Kennedys bandaren lehenengo bateria jotzaileak, Carlos Cardonak, 6025 ezizena erabiltzen zuen eta punk taldearen zalea izanik, Andoni Roblesek izen artistiko hori erabiltzen du bere lanak sinatzeko. 20 grabatu ekarri ditu Zizurkilgo erakusketa gelan jartzeko eta koadroak ikusgai izango dira ekainaren 16ra bitartean.

Iaz, Plazida Otañon erakusketa jarri nahi zuten artistentzako oinarriak atera zituen Zizurkilgo kultura sailak. Hautaketa batzordeak hilabete honetarako, 6025ren lanak aukeratu ditu eta erakusketaren inaugurazio ekitaldiarekin eman dio hasiera Maiatza Saltsan ekimenari. «Aukeratutako proiektuetako bat izan da nirea eta eskertuta nago», esan du artista gasteiztarrak.

Aurretik ere, Gasteizen bertan, Santurtzin edota Bilbon erakutsi izan ditu koadroak eta sariren bat edo beste irabazi dute bere lanek. «Grabatuak egiten ditut, nagusiki. Arte Ederretan lizentziatua nahiz eta EHUn aritu ginen garaian ez genuen ezer asko ikasi. Hala ere, grabatua irakatsi zidaten irakasle on batzuk izan nituen eta haiei esker hartu nuen afizioa». Prozesu artistikoa «luzea» dela aipatu du 6025ek, «pantailak egin behar dira, gero estanpatu, eta akatsa eginez gero, berriz errepikatu behar da prozesu guztia. Teknika ez da erraza, eta ondo menperatu beharra dago».

Bere lanetan era guztietako irudiak erabiltzen ditu. «Animalienak hartu izan ditut oinarri bezala, baina baita ere giza irudiak. Niretzako orban bat ere abiapuntu egokia da artelan bat egiteko eta horren gainean lan egitea gustatzen zait», dio 6025ek. Zuria, beltza eta gorria erabili izan ditu, gehienbat, bere koadroetan, baina pixkanaka beste hainbat kolore ere sartu ditu. Lan horietako batzuk, «tamaina txikikoak», ekarri ditu Plazida Otañora, aretora egokitutako erakusketa osatu nahi izan baitu.

Tolosaldeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jasotzea nahi duzu?

Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!