Hildakoen oroigarri gisa, hilarrien aitzindariak zutarri antropomorfoak izan daitezke. Burdin Aroko menhirrak, esate baterako. Balio hori agerian geratzen da, euskaraz hilarria izendatzeko dauden hitzei erreparatuta: gizona, gurutze-buru-beltza, harri gizona, hilargi... Hildakoaren arima bizirik dirauela agerian jarri nahi izatea izan daiteke oroitarri hauen mezu sinbolikoa.
Geografikoki oso hedadura zabala dute Ekialde Erdian, Europan, Terranovan, eta ez dira, euskal jatorrikoak soilik. Hori bai, gisa honetako monumentuen kontzentrazio handia aurki daiteke Euskal Herrian.
Zaila da hilarriok noiztik datozen jakitea baina gehienak Erdi Arokoak direla esan daiteke. XIII. eta XIV. mendeetan ehorzketak eliza barruan egiten hasi eta harresizko hiriak eraikitzen hasi zirenean, erabilpena gutxitu egin zen.
Euskal Herrian Iparraldean eta Nafarroako ipar-ekialdean aurki daitezke hilarririk gehienak. Donostiako San Telmo museoak 75 hilarri dauzka bilduta eta horietako gehienak nafarrak dira.
Sinbolo pagano eta kristauekin osatu izan dira disko itxurako hilarriak eta arte herrikoiaren zati esanguratsua dira.