Otaegi: "Ekitaldi berezia izan da, eta denok gozatu dugula uste dut"

Asier Imaz 2016ko ots. 22a, 15:59

Igandean, Jon Rekondoren aurka galdu ondoren, leitzarrarengana gerturatu zen Joseba Otaegi, bostekoa ematera. Finaletik kanpo utzi zuen Rekondok zizurkildarra.

Zer moduzko txapelketa iruditu zaizu?
Polita. Nire ustez, ikusteko entretenigarria joan da, eta guretzat oso polita; bizi-bizia, lan motza eta gogorra.


Gozatzeko eguna izango zela esan zenuen aurrez. Sufritzea ere tokatu zaizu.
Finean, ekitaldi berezia izan da hau; urtean zehar edukitzen ditugunetatik desberdina. Gozatu dugu; besteak eta kanpokoak ikusten. Gero norberari pixka bat sufritzea tokatu zaio, txapelketa izan den heinean.


Larretxea kanporatuz ondo hasi zara.
Bai, hasi ondo hasi naiz. Aizkora bat pixka bat prestatua ekarri dut, kirten luzeagoarekin, pixka bat besteenen erakoa. Hasieran esan bezala ondo, baina finalerdietan egur handiagoak ziren, eta pixkat bat bildu egin naiz; besoak hil egin zaizkit, eta hortik aurrera, pixka bat sufritzea tokatu zait.


Rekondok kanporatu zaitu. Gehiago izan da.
Bizi dago, urrezko binakakoan ikusi dugu hori. Ni ez nago punttu-punttuan, golpez eta nahiko ondo egon arren. Egia da binakako azken txapelketa horretan,  azaleko lanak egiten aritu naizela, eta horrek kolpea geldotzen dizula; sentsazio hori daukat behintzat. Rekondori, berriz, beste erritmo bat ikusten zitzaion.


Beste erritmo batean ikusi dena, hasieratik gainera, australiarra izan da.
Bi gauza gertatu direla uste dut. Alde batetik, O’ Toolek bide nahiko erraza izan duela. Lehen kortean aldea ateratzen zuen, eta bigarrengoan eutsiz ibili da.  Aldiz, Atutxak eta Rekondok saio guztiak tope-topera egin behar izan dituzte. Bestetik, aizkora handi xamarrarekin ibili dira, besteen pare ibili nahi horregatik. Azkenean beraien lana ez dutela egin uste dut.


Vicentek ezustekoak ematen jarraitzen duela ere ikusi da.
Xuxena da oso. Nire ustez finalean O’ Toole-k ihes egin duela ikustean, besteak jaitsi egin dira. Iker, ordea, ez. Hark ez du etsitzen eta horrez gain aizkoran egiten du. Berriro ere hori erakutsi du.  


Eta orain zer?
Atsedena eta errekuperazioa. Txapelketak amaitu dira, eta tartea badugula uste dut. Belaunetatik gainera ez nabil oso ondo. Aurreko Aste Santuetan, mendian, erorikoa izan eta mina hartu nuen. Arrastaka ibili dut min hori, eta aste honetan erresonantzia egingo didate. Errekuperatu, eta berriz egurrean segitzea tokatzen da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!