Ataria Bertso Jaialdiak beste urte batez bete du Leidor antzokia. Ia 500 bertsozalek entzun ahal izan dute saioa. Bertsozaleen gozagarri, gai serioak eta ez hain serioak izan dituzte Oihana Iguaran, Nerea Ibarzabal, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus eta Iker Zubeldia bertsolariek. 

Urteko lehen hitzordu nagusietako bat da gaurko Ataria Bertso Jaialdia. Leidor bete ohi da, eta bertsoaren etxea aipatu dute sarrerako bertsoetan, eta keinu bat ere egin diete atarian geratu direnei. Osasun egoera tarteko ezin izan dira sarrera guztiak saldu, eta ia bi orduko bertso jaialdiaz ia 500 pertsonek gozatu ahal izan dute.

Amaia Agirre gai jartzaileak, urtero-urtero, mimo handiz eta mimo bereziz prestatu ohi du saioa, eta gaurkoan ere gai landuak eta prestatuak eraman ditu oholtzara. Ohiko ildoari jarraiki, gai serioekin hasi eta umorerako bidean jarri ditu bertsolariak. Oihana Iguaran, Nerea Ibarzabal, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus eta Iker Zubeldia bertsolariak izan dira aurtengo saioan.  

Agurreko bertsoen osteko lehen bertsoaldia Mirentxin gidariek bukatu duten boluntario lanaren gainekoa izan da. Baina bukatu, ez dela bukatu adierazi dute, eta hor dagoela kartzela Lujanbio eta Arzallusek. Bigarren gaia ez du Agirrek jarri. Aintzane Artola Atariako kolaboratzailea eta bularreko minbizia pasa eta titi bakarrarekin bizitzearen aldeko apustua egin duen tolosarrak jarri die gaia Iguaran eta Ibarzabali. Ostean etorri dira Covid-19aren ziurtagiriaren aurkako elkarretaratzeko bi agureak; ama eta semearen arteko solasaldia; sare sozialetan bolo-bolo ibili den Movistar txirrindulari taldeko argazkia; edota elkarrekin egoteko ia denborarik ez duen bikotea.

Antzokira sartzearekin batera inauteriak oso presente izan dira. Bertan izan dira Isabelita eta Pello ziri ziri erraldoiak eta aurten inauteririk ez, eta dantzarik ezin egin, baina kantuan jarri dituzte gaurkoan.

Txillardegi hil zela 10 urte bete diren honetan Iguarani jarri dio gaia, eta "toki bat duzu gure historian, baina ez zaizu eman nahi" kantatu du lehen bertsoan. "Euskara batu bat zor dizugu" adierazi du eta baita "liburutegi bat zor dizugu" ere.

Andoni Egañak gutxiena espero zuenean, seme-alabak agertu zaizkio pantaila handian puntuak jarriz eta adarra joz. Bideo bidez Porrotx eta Marimototx ere sartu dira AEK-k Korrikan omenduko dituenak, edota Gregorio Ugartemendia tolosarraren pagadia ere ikusi da.

Lau kantu ere entzun dira Leidorren: Lete, Lertxundi, Hertzainak eta Gozategi. Koplaka jarri ditu Lujanbio, Zubeldia, Arzallus eta Ibarzabal, kantuak eta urtea lotu nahian. 

Saioaren bukaeran, publikoa ere berotzen joan da, eta gaia jarri orduko hasi da jendea barreka. Iker Zubeldia fisioterapeuta eta osteopatak bere umorea tarteko jaso ditu txalo zaparrada batzuk. 

Agurreko bertsoen txanda izan da, eta talde terapia onaren seinale, izango ez diren inauteriak gogoan, eta berriz elkartzeko esperantzan, "euskararen, herriaren eta urtearen atarian, ia ikusten dugun argia 2022an" esanez agurtu da Lujanbio.  

Gustura zen publikoa, eta txalo zaparrada luzea jaso dute oholtza gaineko bertsolariek eta gai jartzaileak saioa amaitzean.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!