Erreportajea

Ordutegirik gabeko trena

Leyre Carrasco 2022ko urt. 19a, 11:58

Azkenaldian Irun eta Brinkola arteko tren zerbitzuen atzerapenak eta etenaldiak ohikoak direla salatu dute bidaiariek; Gipuzkoako kaltetuen plataformak mozioak aurkeztuko ditu hainbat herritan.

Irun-Brinkola arteko Renfeko aldirietako zerbitzua gehiago okertu da azkenaldian, bidaiariek ziurtatu dutenez. Arrazoiak ugariak dira; Adif enpresak euskal trenbide sarea Europako trenbide zabalera egokitzeko lanak, Abiadura Handiko Trenaren obrak, COVIDak sortutako langileen bajak, eguraldiaren gorabeherak... Arrazoiak arrazoi, erabiltzaileek pairatzen dituzte ondorioak eta trenen berandutzeez gain, murrizketak ari dira jasaten. 

Atzerapenak edo zerbitzuen etenaldiak «egunerokotasunaren parte» direla adierazi du Larraitz Garmendia billabonatarrak. Donostiako akademia batean ikasten du Garmendiak, eta hara joateko trena da garraiobiderik egokiena eta azkarrena. «Autoa edo autobusa hartzea gaizki datorkigunoi izugarrizko arazoak sortzen dizkigu Renferen trenek egunero jasaten dituzten atzerapenak eta hori onartezina da. Batez ere goizean izaten dira arazoak», esan du.
Koronabirusa dela eta, azken hilabetean, gainera, Renfeko langileen bajak areagotu dira. Eta Garmendiak azaldu bezala, egoera hori ere traba izaten ari da erabiltzaileentzat: «Bizi dugun egoera ez da batere erraza inorentzat. Izan ere, trenaren atzerapenak jende pilaketak dakartza, beraz, trenez bidaiatzeak COVIDa ondoan edukitzea dakar».

«Atzerapenak egunerokotasunaren parte dira, eta hori onartezina da; goizean izaten dira batez ere»
Larraitz Garmendia, Tren erabiltzailea

Garmendiak azalpenak eskatu  izan ditu, baina gehienetan ez du erantzunik jaso eta megafoniatik emandako azalpenekin konformatu behar izan duela dio: «Brinkola Lezo-Errenteriara doan trenak hamar minutuko atzerapena duela esan digute gaur –herenegun–, eta orduan geltokietako monitore edo teleindikadoreak begiratu behar izan ditugu, baita Twitter zerbitzua ere. ‘Barkatu eragozpenak’. Hori da ematen diguten azalpen bakarra».

Aitor Muriel billabonatarrak, ordea, ez du tren zerbitzua egunero erabiltzen. Hala ere, trena berandu iritsi izan zaio noizbait. Puntualtasuna ezinbestekoa dela eta hori errespetatu beharra dagoela nabarmendu du: «Berandu iritsi edo ez, zuk berdin ordainduko duzu».

«Puntualtasuna ezinbestekoa da, eta hori errespetatu beharra dago;  berdin ordaintzen dugu»
Aitor Muriel, tren erabiltzailea

Asteburuetako ordutegia gehiago errespetatzen bada ere, Eneritz Noble billabonatarrak ere behin baino gehiagotan jasan ditu zerbitzuaren arazoak. Izan ere, asteburuetan maiz erabiltzen du zerbitzua lagunengana edota bikotearengana joateko, eta gehienetan ez da garaiz iristen hitzordura. «Hamar minutuko atzerapenak izaten dira normalean, baina kasu batzuetan hogei minutukoak izatera iritsi dira, eta egoera hori, jada, ohikoa da», dio.

«Gehienetan berandu iristen naiz hitzorduetara, atzerapenarekin etortzen baita trena»
Eneritz Noble, tren erabiltzailea

Atzerapen arazoak
Adif enpresa euskal trenbide sarea Europako trenbide zabalerara egokitzeko egiten ari den lanen ondorioz sortutako arazoak direla medio, Hirugarren Errailak Kaltetutako Erabiltzaileen Plataforma sortu dute hainbat herritarrek. Elkarteko ordezkariak herriz herri ari dira udalei Renfeko bidaiariak jasaten ari diren egoeraren berri ematen eta mozioak aurkeztuko dituzte ere. 

Hain zuzen, abenduaren 21ean Amasa-Villabonako udal ordezkariekin bildu ziren. Bertan, azken urteetan Donostia eta Irun arteko aldirietako tren zerbitzuetan gertatu diren etengabeko atzerapenek eragindako kalteen berri eman zieten.
Jose Antonio Bayo da plataformako kideetako bat eta esan du atzerapen eta eteteak hainbat arrazoirengatik ematen ari direla, eta azkenak Tolosa, Hernani eta Donostia artean duela aste batzuk izandako euriteengatik izan zirela. Iazko urtearen erdialdean hasitako lanek egoera okertu besterik ez dute egin. Lan horiek «aldaketa teknologikoak» ekarri zituela esan du Bayok: «Irun eta Errenteria artean teknologia akatsak egon ziren. Arazoak pilatzen joan dira, eta horrek trenbide eta azpiegituren mantentze-lanen falta ere eragin du». 

«Garraio kolektiboa da eta gutxien kutsatzen duen zerbitzua da trena; sustatu egin behar dugu»
Jose Antonio Bayo, Hirugarren Errailak Kaltetutako Erabiltzeen Plataforma

Bayok dio trena garraio kolektiboa dela, «gutxien kutsatzen duen zerbitzua», eta horregatik sustatu egin behar dela. Orain arteko lanek eta aurreikusten diren obrek aldaketa berriak eragingo dituzte aldirietako zerbitzuetan eta hori «oso kezkagarria» da Amasa-Villabonako udal gobernuaren ustetan. «Badirudi egoera hobetu beharrean, okerrera joan daitekeela, zerbitzuaren kalitatea eta maiztasuna nabarmen kaltetuko baitira», esan dute. Ondorioz, Renfe, Adif eta Espainiako gobernu ordezkaritzari eskaera zehatza egin dio udalak: Irun-Brinkola aldirietako zerbitzuak dituzten herrietako udalei eta erabiltzaileei informazio argi eta gardena helaraztea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!