Auzolangin(l)tza proiektua aurkeztuko dute Berastegin

Tolosaldeko Ataria 2021ko uzt. 15a, 07:58

Tolosaldean abiaraziko dute auzolaneko «esperientzia berritua» ardatz duen ekimena; Tolomendik sustatu du Mondragon Unibertsitatearekin eta Eusko Ikaskuntzarekin elkarlanean.

Auzolanean jartzen du azpimarra Tolomendik sustatutako Auzolangin(l)tza: XXI. mendeko Gipuzkoaren eraikuntzan auzolana iraganeko kontua ala etorkizuneko giltza? Tolosaldean saiakera proiektuak. Tolosaldeko Landa Garapen Elkartearen arabera, helburua da Tolosaldean auzolaneko «esperientzia berritua» esperimentatzea. «Horretarako, auzolaneko kulturaren eta esperientzien gaineko lanketa egin nahi da lehenik Tolosaldeko eragile ezberdinekin, ondoren proiektu berritzaileak diseinatu eta esperientzia pilotuak martxan jartzeko», gaineratu.

Aurkezpena
Egitasmoa aurkeztu eta abiarazteko Berastegi aukeratu dute, eta saioa egingo dute uztailaren 23an. 
«Elkarrekin proiektua ezagutu, auzolaneko kulturaz gehixeago sakondu eta aurrera begirakoak eztabaidatzeko» asmoz egingo dute Berastegiko topaketa.

Uztailaren 23an, ostirala, 09:00etatik 13:00etara izango da, eta Tolomendik eskualdeko udal herrigintzako ordezkari eta eragile guztiak gonbidatzen ditu parte hartzera. Joateko aurrez eman behar da izena.

Tolomendik abiarazi du Auzolangin(l)tza proiektua eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren berrikuntza sozialerako Etorkizuna Eraikiz Gipuzkoalab 2021 deialdirako diru laguntza jaso du.

Egitaraua

  • Ongi etorria eta aurkezpena. 09:00etan Berastegiko alkatearen agurra eta 09:10ean lan-saioaren eta egitasmoaren aurkezpena Tolomendiren eskutik.
  • Auzolanaren kulturaz. 09:30ean proiektuaren aurrekariak eta kokapena (Eusko Ikaskuntzako Arrate Arin eta Deustuko Uniberrtsitateko Ion Muñoa). 10:00etan Auzolanaren kultura: elkarlana eta bide-garbitzea baino gehiago hitzaldia, Mondragon Unibertsitateko Andoni Eizagirreren eskutik.
  • Etorkiuneko auzolana elkarrekin landuz. Talde dinamika 11:00etan eta partekatzea eta eztabaida 11:45ean.
  • Ondorioak eta itxiera. 13:00etan bukatuko da saioa.

* 10:30etik 11:00etara egingo dute atsedenaldia.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!