ELKARRIZKETA

«Esfortzu handiko lana izan zen niretzako hezitzaile bat topatzea»

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko eka. 10a, 15:23

Lanbide Heziketan ezohikoa bada ere, hezitzaile baten laguntza du Haimar Malkorra berastegiarrak; garun paralisiarekin jaio zen, eta iaz, erdi mailako merkataritza zikloa egiten hasi zen Tolosaldea LHII-n.

Muñagorri eskolan eta Orixe institutuan egin zituen derrigorrezko hezkuntzako ikasturteak Haimar Malkorrak (Berastegi, 2002). Gurpildun aulki elektrikoan mugitzen da, eta hitz egiteko arazoak izan arren, indar handia erakusten du berarekin solasaldi bat izatean; are gehiago, kirolaz hitz egiteko bada.

Zer suposatzen du zuentzat gurpildun aulkian mugitu behar izateak, egunerokotasunean eta ikasterakoan?

Traba handia da, batez ere guretzat egokituta ez dauden lekuetarako. Kasu horietan, laguntza behar izaten dugu. Hala ere, oro har, nahiko ondo moldatzen gara.

Ikasterako orduan, esaterako, orain arte ez dut arazorik izan. Aurten, ordea, Word, Excel eta gisa horretako programak erabiltzean, ezinean ibili gara, nire ezbehar bera duten pertsonentzat ez baitago programa horiek erabiltzeko sistemarik. Eskean aritu gara, behin eta berriz, eta beraz, hori egokitzea ere ikaragarri eskertuko genuke.

Nola sortu zen Lanbide Heziketan hasteko aukera?

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren ikasturtea amaitzear genuela, orientatzaileen bisita jaso genuen institutuan, etorkizunean zer egin argi ez genuelako. Niretzako proposamen bat zutela esan zidaten, interesgarria irudituko zitzaidana, eta Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuan erdi mailako merkataritza zikloa egitea aholkatu zidaten. Bai niri, nire ingurukoei eta laguntzaileei ere, oso interesgarria iruditu zitzaigun, eta aurrera egitea erabaki genuen.

Zer egiten duzue ziklo horretan?

Aplikazio ezberdinak nola erabili ikasteaz gain, biltegi baten kudeaketak nolakoa izan behar duen ikasten dugu. Gai teorikoak lantzen ditugu, gero, horiek praktikara eraman ahal izateko. Baina, batez ere, proiektuetan oinarritutako zikloa da, eta beraz, lan ezberdinak egitea egokitzen zaigu, bakarka nahiz taldeka. Oso interesgarria izaten da. Egoera bat jartzen digute mahai gainean, eta hori nola kudeatuko genukeen, eta zein emaitza eta zein ondorio izango lituzkeen zehazten saiatzen gara.

Aurtengo ikasturte amaieran, adibidez, Lanbide Heziketako tabernaren inguruko proiektu bat egin dugu. Taberna bat genuen institutuan, baina pandemia zela eta, alde batera utzi behar izan genuen. Baina aurten, irakasleek ondorengoa esan ziguten: «Eta berriro martxan jarriko bagenu?». Bada, egoera horri nola aurre egingo geniokeen lantzea izan da gure egitekoa.

Zure kasuan, laguntza gehigarria izaten duzu, ezta?

Bai, bai. Taxian egiten ditut etxetik instituturako joan-etorriak, eta institutuan hezitzaile baten laguntza izaten dut. Pertsona hori topatzea lan handia izan zen. Batxilergoan jarraituko banu, jada bermatuta izango nuke hezitzaile bat izatea, baina Lanbide Heziketarako ez. Kasu honetan, traba handiak izan genituen Berritzeguneren (hezkuntzaren berrikuntzarako eta hobekuntzarako laguntza zerbitzua) aldetik. Euren ustez, behin Lanbide Heziketan hasita, ez zegokidan hezitzailerik izatea. Nik, ordea, laguntza hori beharrezkoa dut, eta beraz, esfortzu ikaragarria egin ondoren, jardunaldi osorako hezitzailea izatea lortu dut. Niretzako ezinbestekoa zen ondoan norbait izatea, eta Tolosaldea LHII-ri esker lortu dut hori. Ni naiz, garun paralisia edukita, ikastetxe honetan ziklo bat egiten hasi den lehen ikaslea.

«Batxilergoan jarraituko banu, jada bermatuta nuen hezitzaile bat, baina Lanbide Heziketan ez»

Lehen ikasturtea amaitu ondoren, zer espero duzu bigarrengorako?

Bigarren mailan, otsailera bitarte izango ditugu klaseak. Ondoren, praktikak egitea egokituko zaigu. Oraindik ez dugu begiratu non egin ahal izango ditudan; horri buruz hizketan ari gara irakasleekin. Kontua da, niri ez didala balio edozein lan bilatzeak; zerbait ona bilatzea nahi dut, benetan aseko nauen praktikaldia bilatzea, alegia.

Beraz, gainerako ikasleen eskubide berdinak dituzula aldarrikatu nahi duzu, ezta?

Ez dago mugarik. Koska txikiak badira, baina ez dira traba handi bat. Tolosaldea LHII-n, gainera, beharrezko laguntza ematen digute nire antzeko arazoak dituzten ikasleei, eta beraz, norberak bere buruari jarritako mugak gainditzea da kontua.

«Niri ez dit balio edozein lan bilatzeak; zerbait ona bilatzea nahi dut, benetan aseko nauen lan bat»

Eta zer esango zenieke zalantza duten horiei?

Lanbide Heziketan izena eman dezaten animatuko nituzke. Gogoa badute eta bere burua egin beharreko zikloarekin erlazionatutako lanpostu batean ikusten badute, ez dezatela zalantzarik izan. Aukera ikusiz gero, aurrera egin dezatela. Askok oztopo bat ikusten duten tokian, ez dago halakorik.

Ikasketez kanpo, baduzu beste zaletasun bat, ezta?

Oso gustuko dut kirola. Orokorrean, kirol guztiak gustatzen zaizkit, baina batez ere, futbola. Kirol kazetaria izatea nahiko nuke, futbol partida bat kontatzea baita txikitatik dudan ametsa. Hortaz, ahal izango banu edo aukera suertatuko balitz, kazetaritza ikasketak egingo nituzke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!