Emakumeen Etxearen araudia eta funtzionamendua adosteko ordua

Tolosaldeko Ataria 2021ko mai. 7a, 09:31
Emakumeen Etxeko azken faseko aurkezpena, atzo.

Tolosaldeko Emakumeen Etxea garatzeko partaidetza prozesuaren azken fasea abiatu da hilabete honetan eta datorren martxora arte luzatuko da. Oraingoan Tolosaldeko Emakumeen Etxearen kudeaketa eredua finkatuko dute, finantziazio partekaturako eredua zehaztu eta araudia, funtzionamendua eta programazioa itxiko dituzte.

Tolosaldeko Emakumeen Etxea zehaztez bukatzeko partaidetza prozesuaren azken fasea abiarazi dute jada.
2019. urtean adostu zuten Emakumeen Etxearen kokalekua eta orain araudia, funtzionamendua eta programazioa lantzen hasteko garaia heldu da. Azken fase honekin 2018an abiarazitako partaidetza prozesua bukatuko dela esan du Tolosako Udalak, lehen fase hartan, etxearen printzipioak, helburuak, filosofia, erabilerak eta jarduera posibleak, eskaini ahal izango diren zerbitzuak eta beharko diren giza baliabideak zehaztu zituzten.

Pandemia dela eta, prozesua eten behar izan zuten iaz, baina berriz ere abiarazi dute eta 2022ko martxora arte luzatuko da. Azken fase honetan Tolosaldeko Emakumeen Etxearen kudeaketa eredua finkatu nahi dute, finantziazio partekaturako eredua zehaztu eta araudia, funtzionamendua eta programazioa itxi. Tolosaldeko Emakumeen Etxearen elkartea sortuko dute ere, udalaren eta emakumeen arteko hartu-emanerako. Partaidetza prozesuak hasieratik izan dituen lantaldeak mantenduko direla esan du Tolosako Udalak. Hau da Tolosako, Berastegiko eta Asteasuko alkateek, Tolosako hainbat zinegotzik, Tolosako Berdintasun teknikariak eta Elhuyar Aholkularitza enpresako bi teknikarik osatutako Lantalde Tekniko-politikoa; mugimendu feministaren ordezkariek, emakumeen taldekoek, norbanako emakumeek eta Tolosako Berdintasun teknikariak osatutako Talde Eragilea; eta interesa duten Tolosako zein eskualdeko emakume orok osatzen duten emakumeen Gune Zabala izenekoa.

Eskualdeko osoari eta emakume orori parte hartzeko gonbita

Horiek horrela, hurrengo bilera astelehenean, maiatzak 10, egingo dute eta Talde Eragilea bilduko da eta ondoren bilduko da Gune Zabala. Hori dela eta, eskualdeko ordezkariek eta asanblada feministako kideek, datorren astean abiatuko den prozesuko azken fase honetan parte hartzera deitu dituzte eskualdeko herriak zein emakumeak. 

Dagoeneko eskualdeko 22 udalek babestu dute proiektua: Aduna, Albiztur, Alegi, Alkiza, Altzo, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Berastegi, Berrobi, Bidania-Goiatz, Elduain, Hernialde, Ibarra, Irura, Ikaztegieta, Leaburu-Txarama, Lizartza, Orexa, Villabona, Zizurkil eta Tolosa.

 

Pandemiaren eragina

Azken faseko aurkezpena egin zuten atzo, Tolosan, eta Olatz Peon Ormazabal alkateak esan zuenez "pandemiak hankaz gora jarri zituen gure aurreikuspen eta kronograma guztiak, egoerari aurre egitera eta bereziki herritarren premiazko beharrei erantzutera bideratu behar izan genituen gure indarrak; ondorioz, aurreproiektu eta proiektuaren idazketa prozesuak atzeratu egin ziren eta eten egin behar izan genuen partaidetza prozesua". "Denbora honetan, baina, ez gara proiektuaz ahaztu, tinko eutsi diogu gure konpromisoari proiektu estrategikoa delako guretzat, Tolosan eta eskualdean emakume eta gizonen arteko berdintasun erreala sustatzeko; eta hortaz, bilerak egiten jarraitu dugu Tolosa zein Tolosalderako erreferentziazko gunea eta eraldaketarako tresna izango den Emakumeen Etxea eraikitzeko. Aurreproiektua dagoeneko esku artean dugu eta zenbait aldaketarekin, proiektua laster izango dugu egina. 2021 urte honetan, proiektua jaso eta obraren lizitazioa jarriko dugu martxan, urtea amaitu aurretik, lanekin hasi ahal izateko”, gaineratu zuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!