Larre irekiera birtuala aldundia eta abeltzainen eskutik

Tolosaldeko Ataria 2021ko mai. 1a, 12:55
Maitane eta Aitor Iztueta abeltzainak Ariztimuño zuzendariaren eskutik larreak irekitzeko giltza jasotzen. ATARIA

Gipuzkoako Foru Adundiak, osasun egoerak horrela baldintzatuta, Gipuzkoako Larren Irekiera ofizial birtuala proposatu du aurtengoan. Arantxa Ariztimuñok, Mendietako eta Natura Inguruetako GFAko zuzendariak, Maitane eta Aitor Iztueta Lazkaomendiko Intzartu baserriko abeltzain gazteei larreak irekitzeko giltza entregatu die, Larraitzen. 

Bideoan belaunaldi berriko hainbat abeltzain ikus daitezke euren abereak larretara bideratzen. Tartean da Abaltzisketako Ipintzabarrena baserriko Ainhoa Otaño.

Ipintzabarrenako Ainhoa Otaño. ATARIA

Behin larreen irekiera burututa, 566 abeltzainek euren abereak Gipuzkoako larreetara bideratuko dituzte –42.200 animalia inguru–, 22 larreetan sakabanatuta –tartean Enirio-Aralarko lurretan–.

Arantxa Ariztimuñok, Mendietako eta Natura Inguruetako zuzendariak, irekiera birtual honetan nabarmendu nahi izan du abeltzainen belaunaldiz belaunaldiko lana: "Gizaldiz gizaldi gure arbasoek Gipuzkoako mendietan atera dute bizimodua". Eta bizimodu horri jarraipena eman nahian foru aldundiko ordezkarien babesa erakutsi nahi izan die gaur egungo abeltzainei: "Guk, erakundeotako ordezkariok, gizarte honen aitortza adierazi nahi dizuegu abeltzainoi". Honela erakundeak "bidelagun" izango dituztela azpimarratu nahi izan du: "Gipuzkoako larreen kudeaketa egokirako beharrezko zaituztegu".

Giltzarekin larreak irekita

Ariztimuñoren eskutik larreak irekitzeko giltza jaso dute Maitane eta Aitor Iztueta abeltzainek. Baikorki azalduz, argi adierazi dute euren lanbideak ondorengoa baduela: "Katea ez da eten" eta larreen garrantziaz mintzatu dira: "Gure mendi hauek, gure  lanbide dira".

Maitane eta Aitor Iztueta. ATARIA

Animaliak Gipuzkoako larreetara igotzearekin batera argi dute Lazkaomendiko abeltzainek animaliei jana probestu, "guztion gozamenerako larreak mantendu eta kutixiak sortu" egiten dutela. Eta honela etorkizunera begira ere jarri dira: "HItz ematen dugu gure arbasoen etxeko sua bizirik mantenduko dugula".

Aralarko pisten auzia gogoan

Dron bidez hartutako irudiak ageri dira Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur zabaldutako bideoan, paisaiaren edertasuna azpimarratuz. Hala ere, bideoa auzi polemikoa ere gogoan hartu nahi izan dute: Aralarko pistak. Ariztimuño mintzatu gaiaz, epaitegiak hartutako erabakiak txalotuz eta auzia hauspotzeko baliagarria dela erakutsiz. Pisten eraikuntzak "hobekuntza" dakarrela dio aldundiko ordezkariak: "Bertan bzii diren 125 familien baldintzak nabarmen hobetzea lortu da. Gure konpromisoa da bide beretik jarraitzea".

Suziriaren lehertzearekin batera, irekita gelditu dira beraz, aurten birtualki bada ere, jendearteko irekiera ofizialik gabe, Gipuzkoako larreak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!