Fisioterapia zerbitzuan murrizketak salatu dituzte

Irati Saizar Artola 2021ko api. 7a, 19:59

Asuncion klinikako errehabilitazio zerbitzuan tratamenduak 30 minututik 20ra murriztu izana salatu du LABek; sare publikora pasatzea eskatu dute.

LAB sindikatuak Asuncion klinikan emandako zerbitzu murrizketa baten berri eman du: errehabilitazio sailean, zehazki fisioterapian, zerbitzua %33an murriztu dute, izan ere, tratamenduak 30 minutukoak izan beharrean 20 minutukoak izatera pasa direla iragarri dute. LABek dioenez, Asuncion klinikaren jabe den Inviza enpresak «modu aldebakarrean» erabaki du zerbitzua murriztea, «bere irabazi eta mozkinak areagotzeko helburuarekin». Salatu dute diru publikoa kudeatzen duen enpresa pribatua dela Inviza.

Murrizketa horiek, erabiltzaileei zein langileei zuzen-zuzenean eragiten dietela esan dute, eta murrizketa hori dela eta, azken aldian «hamaika kexa» jaso dituztela: «Inviza enpresak, bere ohiko harrokeriaz betetako jarrerarekin, fisioterapeutak mehatxatu ditu, esanez, kexarik egonez gero eurak izango direla arduraren zama jasango dutenak». Horrek klinikako giroa «guztiz trakestu» eta egoera «jasangaitza» izatea ekarri duela ere esan dute.

LAB sindikatuak azpimarratu du «ez dela zilegi» Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak gertaera hauek onartzea: «Ez da onargarria Osasun sailak enpresa pribatu bati herritarren osasunaren zaintzaren ardura delegatzea, eta nori eta Invizari, urteetan mozkinak pertsonen osasunaren gainetik jartzen dituela argi eta garbi erakutsi duenari».

BESTEEN PAREAN

LABek gogorarazi du Tolosaldea dela EAE guztian ospitale publikorik ez duen eskualde bakarra eta enpresa pribatu batek hamarkadak daramatzala eskualdeko «ospitale funtzioak» egiten, eta bide batez, «pertsonen osasunaren bizkar negozioa egiten».

Tolosaldeko ESIaren erabiltzaileak «diskriminatuta» daudela esan dute, gainerako eskualdeetako biztanleei baino «zerbitzu okerragoa» eskaintzen zaielako, besteak beste. Langileek ere «kudeaketa traketsaren» ondorioak pairatzen dituztela esan dute: «Asuncion klinikako langileen lan baldintzak osasun publikoko gainerako lankideenak baino okerragoak dira, nabarmen».

Esan dute Asuncion kudeatzen duen Inviza enpresa behar den guztietan eramango dutela epaitegietara. «Bide honetan hainbat prozesu judizial martxan jarri behar izan ditugu, eta epaiek arrazoia eman izan digute», gaineratu dute. Oraingoan, ordea, harago joan nahi dute: «Gizarteak berak epaitu dezala nahi dugu, denei jakinaraziz, Eusko Jaurlaritzak diskriminatzen gaituela gainontzeko eskualdeek baino zerbitzu eskasagoa eskainiz, herritarrengan eta bertako langileengan kalteak sortuz».

Horren aurrean, sindikatu abertzaleak badaki zein den irtenbiderik egokiena: «Asuncion ospitaleak sare publikora pasa behar du eta EAEko gainerako eskualdeek duten zerbitzua eskaini beharko dio Tolosaldeari, ez gehiago ezta gutxiago ere».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!