Gehigarria: edergintza

Gertukoena, bertan

Tolosaldeko Ataria 2021ko api. 7a, 19:59

Handian edo txikian: Bi dira aukerak erosketa bat egiterako orduan. Beste aukera bat izan daiteke gertu edo urrun ere. Tolosaldean badago aukera komertzioan, eta ez nolanahikoa. Erosketa esperientzia zabalak izan daitezke, gertukoak, konfiantzazkoak, kalitatezkoak edo nahieran. Baina, hori bai, herrian bertan kontsumitzeak, eta komertzio txikietan erosteak, beti emango dute besteetan erosteak baino puntu bat gehiago. Tolosaldeko Ataria kalera atera da herritarren kontsumo ohituren inguruan galdetzera. 

Ainara Sagredo: «Komertzio txikietan ohiko bezeroa izatera pasa zaitezke, gertukoa»

 

Komertzio txikietan erosten duzu? Zergatik?
Bai, familian ohitura hori dugu. Horrela gainera, herrian buelta bat emateko ere aprobetxatzen dugu.

Zer eskaintzen dute komertzio txikiek handiek ez dutena? 
Erosketa pertsonalizatuagoa da. Denda handiagoetan edo ez dago zerbitzatuko zaituen inor edo edonork zerbitza zaitezke, eta komertzio txikietan ohiko bezeroa izatera pasa zaitezke, gertukoa. 

Komertzio txikietatik kanpo zerbait erosten duzu? 
Esaterako, pandemia garaian, Internetez pare bat gauza erosi ditut, etxetik ez ateratzeagatik. Baina ez naiz bereziki denda handietan ibili. Komertzio txikitik kanpo hainbat produktu zehatz erosten ditut, txikian aurkitzen ez ditudanak.

Koronabirusak eraginik izan du jendearen kontzientzian? 
Nik uste alde batetik baietz. Herritik atera gabe egon garenez, horrek ere lagundu du bertakoa kontsumitzera bultzatzen.

Migel Legarra: «Aholkuak eman izan dizkidate eta hori eskertu egiten da»

 

Komertzio txikietan erosten duzu? 
Kontsumitzen dudana bertan erostea gustatzen zait. 

Zer dauka komertzio txiki batek handiago batek ez duena?
Gertutasuna, batetik. Bertan edukita, ez dut garraiorik hartu behar izaten erosketa egiteko, eta bertako komertzioaren bizitza eta herriko bizitza horren baitan dago.

Nolako arreta jasotzen duzu? 
Tratu egokia jasotzen dut beti. Aholkuak eman izan dizkidate, bai niretzako erosten dudanean edo baita beste norbaitentzat zerbait erosi behar izan dudanean ere. Hori eskertu egiten da. 

Koronabirusak jendea gehiago kontzientziatu du komertzio txikietan erosteko? 
Entzun behintzat entzuten da, baina ez dakit benetan jendeak kontzientzia hartu duen. Gertuko komertzioaren aldeko jarrera erakutsi dute, baina dendetan egindako kontuetan ez dakit nabaritu ote duten. 

Mari Kruz Iraola: «Aholku on bat nahi baduzu, denda txikietan topatuko duzu»

 

Komertzio txikietan erosten duzu? Zergatik? 
Ahal dela gustatzen zait bertan kontsumitzea, baina gero prezioan aldea nabaritu egiten da. Zerbait asko gustatzen zaidanean jotzen dut komertzio txikira.

Zer daukate komertzio txikiek, handiagoek ez dutena?
Arreta hobea eskaintzen dute komertzio txikietan. Hori ordea, gustuen araberakoa da. Niri, esaterako, gehiago gustatzen zait nire kasa ibiltzea, inor gainean izan gabe. Presioa sentitzen dut bestela zerbait erosteko. Orain, komertzio askok, kanpora, atarira, ateratzen dituzte jantziak, eta hori nahiago dut. 

Koronabirusak jendea gehiago kontzientziatu du komertzio txikietan erosteko? 
Bai, noski. Herriko komertziorako, neurri batean, ondo etorriko da kontzientzia hori. Lehengo aldean, gainera, orain, aukera zabala dago, denda gehiago daude. 

Begoña Aldalur: «Dendetako argiak itzaltzen direla ikusteak tristura ematen dit» 

 

Komertzio txikietan erosi ohi duzu? Zergatik?
Bai, asko gustatzen zait. Tolosako komertzioa mantendu egin nahiko nuke, izan ere, dendetako argiak itzaltzen direla ikusteak tristura ematen dit. Beraz, hori mantentzeko bertan erosi behar dugu. Horregatik egiten dut batik bat, baina baita aukera daukagulako ere. 

Zer dauka komertzio txiki batek handiago batek ez duena?
Gertutasuna eta arreta berezia eskaintzen dute txikiek. Edozer zalantza duzula berarekin komentatzeko aukera ematen dizu. Harreman berezia sortzen da. 

Koronabirusak jendea gehiago kontzientziatu du komertzio txikietan erosteko?
Nik uste dut batzuk baietz, kontzientzia hori piztuta dutela, baina beste batzuk Internetez erosten jarraituko dutela iruditzen zait. Merkataritza guneetara baino gehiago, Internetera doa jendea egun.

 

Xabier Garikano: «Euskaraz gehiago egin dezaket komertzio txikian»

 

Komertzio txikietan erosten duzu?
Gustatzen zait bertan erostea bai, beti hala erosi izan dugu, eta, bide batez, herrian zehar buelta bat emateko aprobetxatzen dut. Larunbatetan,  esaterako, Tolosako azokara joan ohi naiz. Moda aldetik, ordea, dagoeneko etxean nahiko arropa daukat, 90 urte ditut eta aurretik erositako nahikotxo dut. 

Zer du komertzio txiki batek handi batek ez duena?
Jendea jatorragoa da, eta euskaraz gehiago egin dezaket komertzio txikian, denda handiagoetan baino. Horrelako dendek, gainera, herriari bizia ematen die. 

Koronabirusak jendea gehiago kontzientziatu du komertzio txikietan erosteko? 
Bizi guztian ibili gara komertzio txikian kontsumitzen, eta jendeak ere horixe egin beharko luke nire ustez, bertan kontsumitu, handiagoetara joan beharrean.  

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!