Gehigarria: edergintza

Afrikako koloreetan

2015ean hasi zen Kaori proiektua forma hartzen. Etxean egindako osagarriak azoketan saltzen zituzten lehenik, eta ondoren, 2018ko irailean, denda ireki zuten Villabonako Kale Nagusian, jendeak sortze prozesua ikusi eta egiten dutena erosteko aukera izan dezan.

Dantzak, musikak eta maitasunak Afrikara eramanda, handik ekarritako oihalekin sortzen dituzte osagarri zein jantziak dendan bertan, Kaori Faktorian. 

Turbanteak, nezeserrak, diru-zorroak, buffak, poltsak eta beste egitetik, pixkana arropa ere josten hasi dira: kimonoak, alkandorak, gonak, txalekoak... Etxerako osagarriak ere egiten dituzte: kuxinen zorroak, saskitxoak, kikarak, haurrentzako baberoak, txupeteak eramateko zorroak edo kuloteak, eta askoz gauza gehiago. Azkenaldian eta uda aldera begira, modelo eta patroi berriak ari dira sortzen.   

Beste artista batzuen osagarriak ere ekartzen dituzte faktoriara. Orain gutxi, Kaorin lekutxo bat egin du Amlu markak. Jatorri begetaleko termoplastiko biodegradagarriarekin egindako belarritakoak saltzen dituzte, faktorian bertan eginda hauek ere. Produkzio eta bilduma txikiak egiten dituzte, esklusibotasuna bilatuz.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!