Imanol Rojo nagusitu da Espainiako Txapelketan

Tolosaldeko Ataria 2021ko mar. 30a, 11:49

Alpino Uzturreko bederatzi iraupen eskiatzailek parte hartu dute asteburuan, Belaguan, egin den Espainiako Txapelketan. Alaia Juaristi bi probatan izan da irabazle, 18 urtez azpiko mailan.

Ez da ezustekorik izan, eta Alpino Uzturre elkarteko Imanol Rojo tolosarrak irabazi ditu iraupen eskiko Espainiako Txapelketako hiru probak. Esprintean, klasikoan zein estilo librean irabazi du, beste behin goragoko maila batean dagoela erakutsiz.

Alpino Uzturreko beste zortzi eskiatzaile lehiatu dira, eta horietan nabarmentzekoa da Alaia Juaristik lortutakoa 18 urtez azpiko kategorian: esprintean eta estilo librean lehenengoa izan da eta klasikoan bigarren. Espainiako Kopan lehen postua lortu du Juaristik. Kategoria horretan elkarteko beste hiru eskiatzaile aritu dira: Olaia Plazasek bosgarren egin du esprintean, 9. klasikoan eta bosgarren estilo librean; Naroa Amantegi 7. izan da esprintean, 6. klasikoan eta 9. estilo librean; eta Laia Arakama 8. esprintean eta klasikoan, eta 11. estilo librean.

Senior mailako Mikel Plazas esprintean lehiatu da eta bertan 5. postua lortu du. 20 urtez azpiko mailan bi eskiatzaile aritu dira: Ainara Lakuntza laugarren izan da hiru probetan eta Irene Amantegi bosgarren hiruretan. 16 urtez azpiko mailan Hodei Juaristik parte hartu du eta zazpigarren izan zen esprintean eta klasikoan, eta 9. estilo librean.

Alpino Uzturre elkartetik azaldu dutenez, eskiatzaileak gustura daude emandako mailarekin. Bestalde, denboraldia «berezi samarra» izan dela azaldu dute: «Urtarrilean ondo hasi ginen, bi asteburutan txapelketak eginez, baina gero pandemiaren gaiarekin otsailerako eta martxorako aurreikusita zeuden txapelketak bertan behera geratu dira. Astebururo entrenatzera joan dira, baina gogorra egin zaie gero hain proba gutxi izatea». Espainiako Txapelketarekin eskiatzaileek amaiera eman diote denboraldiari. 

ARGAZKIAK: JULEN JUARISTI

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!