Kirol arloko doako hiru ziklo eskainiko ditu Tolosaldea LHII-k

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko mar. 9a, 19:58

Tolosaldea Lanbide Heziketako Institutuak, kirol arloko teknikari izateko hiru ziklo berri eskainiko ditu: bi datorren ikasturtean, eta bestea, 2022-2023 ikasturtetik aurrera.

Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutu Integratuak kirol arloko doako bi ziklo berri eskainiko ditu datorren ikasturtetik aurrera: Natura inguruneko gidari lanetako eta aisialdiko erdi mailako teknikaria, eta egokitzapen fisikoko goi mailako teknikaria. Horiei ziklo berri bat gehituko zaie 2022-2023 ikasturtean: Gizarte- eta kirol-irakaskuntzako eta animazioko goi mailako teknikaria. «Apustu sendoa da, eta urrats handi bat eskualdeko lanbide heziketa publikoaren eskaintza indartzeko», azaldu du Iñaki Paz zuzendariak.

Orain arte, Gipuzkoa mailan, Donostian, Oñatin eta Eibarren daude kirol zikloak eskaintzen dituzten Lanbide Heziketako Institutuak. «Tolosaldea mugarri izan da eta da kirol arloan, puntako kirolari askori esker. Herritarrek ere zaletasun handia dute; kasu batzuetan, gainera, kirola ofizio bilakatu zaie. Hori dela eta, eskualdeko hezkuntza-eskaintza areagotu nahi da, lanbide heziketako zikloen ekosistema osatzeko. Ziur naiz bertakoak eta kanpokoak erakartzeko balioko duela», dio Pazek.

Biharko beharrei aurre hartuz, kirol arloan ere kualifikatzeko aukera eskaini nahi dute. «Kirol eskaintzan nahiz eskarian gorakada nabarmena izan da eskualdean, eta ondorioz, prestatutako teknikari eta begiraleen beharra areagotu da, instalazio edo klub askotan. Horrez gain, Kirolaren Lege berria sortze prozesuan da, eta horren arabera, titulazioa eskatuko da, etorkizunean, lan horietan jarduteko», nabarmendu du zuzendariak.

Natura eta egokitzapena

Eremu ezberdinetan ibilbideak antolatzea eta taldeak gidatzea izango da natura inguruneko gidari lanetako eta aisialdiko teknikari tituluaren konpetentzia orokorra, besteak beste, ingurune naturaletan, elurtutako eremuetan, zailtasun txikiko barrunbeetan, arrisku txikiko haranetan, uretako inguruneetan eta aisiarako eta abenturarako instalazioetan. Horrez gain, sokekin, bizikletaz, itsasontziz eta zaldiz ibiltzeko prestatuko dira ikasleak, baita aisialdiko jarduerak dinamizatzeko ere.

Egokitzapen fisikoko teknikariaren kasuan, erabiltzaile mota guztientzako eta praktikatzeko eremu desberdinetarako egokitzapen fisikoko programak egiten, koordinatzen, garatzen, ebaluatzen eta dinamizatzen erakustea izango da helburua. Hala nola, fitness monitore; gimnasio, ur-instalazio edo kiroldegietako entrenatzaile, egokitzapen fisikoko sustatzaile edo entrenatzaile pertsonal izateko aukera ematen du ziklo honek.

Bertako azpiegituratan

Aipatu moduan, 2022-2023 ikasturtetik aurrera, goi mailako beste ziklo bat eskainiko da Tolosaldea LHII-n: Gizarte- eta kirol-irakaskuntzako eta animazioko goi mailako teknikari titulua eskuratzeko zikloa. Banakako, taldeko, erremintako eta jolaseko gorputz- eta kirol-ekintzen irakaskuntza programatzea eta diseinatzea izango da ikasleen helburua, metodologia didaktikoa eta animazioko metodologia egokiena eskainiz. Profesional honek animatzaile edo koordinatzaile bezala egin dezake lan, eta alor hauetan gauzatzen du bere jarduera: kirol-instalazioetan, hezkuntzan, aisialdian, turismo aktiboko enpresetan.

Ikasketak burutzeko, institutuko instalazioez gain, eskualdeko azpiegitura ugari erabiliko dira, erakunde ezberdinekin abiatutako elkarlanari esker: Usabal kiroldegia, Berazubi estadioa edo Muga Ranch zalditokia. Baliabide naturalak ere erabiliko dira: mendiak, kobak edo ibaiak.

Halaber, hezkuntza-eskaintza osatzeko helburuarekin, kirol arloko aukerazko titulu gehiago eta ikastaro osagarriak eskainiko dituzte Tolosaldea LHII-n. Ur-instalazioetako sorospen titulua lortzeko aukera izango da, eta profesionaltasun ziurtagiriak ere egingo dira.

Eragileen babesa

Bestalde, eta etorkizunera begira, eskualdeko kirol talde eta eragileekin elkarlanean, bide berriak jorratzeko formazio-eskaintzan sakontzea da asmoa. Oraingoz, babes zabala jaso dute. «Talde askok beso zabalik jaso dute albistea. Askok, gainera, zuzenean parte hartuko dute gurekin, instalazioak utziz nahiz praktiketako ikasleak hartuz.

Eskualdeko hainbat kirolari izan dira ziklo berrien aurkezpenean: Josu Iztueta, Abraham Olano, Ioana Alijostes, Erik Jaka eta Ane Iturria. Guztiek nabarmendu dute kirol ziklo berrien beharra. «Tolosaldea inguru pribilegiatua da kirolari dagokionez, baina ezinbestekoa da etorkizuneko hezitzaile profesionalak garatzea. Erakargarria bezain aberasgarria izango da».

Kalitatezkoa eta euskaraz

Institutu publikoa izanik, Tolosaldeak eskaintzen dituen ziklo guztiak euskarazkoak eta doakoak dira. Kirol arlokoak ez dira salbuespen izango. «Kalitatezko zerbitzu publikoa eskaintzen diegu herritarrei, eta konpromiso horren defentsa ere egin nahi dugu eskaintza berriarekin».

 

TOLOSALDEA LHII-KO ESKAINTZA BERRIA

2021-2022 ikasturtea:

  • Erdi maila. Natura inguruneko gidari lanetako eta aisialdiko teknikaria. 2.000 ordu (380 lan esparruan).
  • Goi maila. Egokitzapen fisikoko teknikaria. 2.000 ordu (360 lantokian).

2022-2023 ikasturtea:

  • Goi maila. Gizarte- eta kirol-irakaskuntzako nahiz -animazioko teknikaria.

Izen-ematea

  • Aurrematrikulazioa: ekainean.
  • Matrikulazioa: uztailean.
  • Informazio gehiagorako: www.tolosaldea.hezkuntza.net
  • Zalantzak argitzeko: 615 775 677.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!