Ataria Bertso Jaialdia 2021

Atarikideen bertso jaialdiko sarrerak, bihartik aurrera

Tolosaldeko Ataria 2021ko urt. 11a, 16:59

Tolosako Leidor aretoak urteroko Ataria Bertso Jaialdia hartuko du larunbatean, hilak 16. Saioa 18:00etan hasiko da eta Atarikideek bihartik aurrera erosi ahal izango dituzte sarrerak Ataria-ko egoitzan.

Oihana Iguaran, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Ane Labaka eta Sustrai Colina ariko dira bertsotan eta Amaia Agirrek egingo ditu gai-jartzaile lanak. Saio berezia izango da aurtengoa egoerak eskatutako segurtasun neurri guztiak bete beharko baitira. Aforoari dagokionez gehienez 400 lagunek jarraitu ahal izango dute saioa Leidorren bertan. Saioa ikusteko sarrerak bihar jarriko dira salgai, ez da erreserbarik onartuko. Sarrerak Ataria-ko egoitzan salduko dira (San Esteban auzoa, 20, Tolosa).

Atarikideek 15 euro ordaindu beharko dute sarrera bakoitza eta gehienez bi sarrera erosi ahalko dituzte prezio horretan. Bi sarrera baino gehiago erosi nahi izanez gero, sarrera bakoitzarengatik 17 euro ordaindu beharko dituzte eta pertsona bakoitzak gehienez 7 sarrera erosi ahal izango ditu; hau da, 2 sarrera Atarikide prezioan eta beste bostak 17 euroan.

Atarikide ez direnek berriz, 17 euro ordaindu beharko dituzte eta pertsona bakoitzak gehienez 5 sarrera eskuratu ahal izango ditu.

Sarrerak erosteko egunak eta ordutegiak:

  • Asteartea, hilak 12: 16:00etatik 19:00etara, Atarikideak bakarrik.
  • Asteazkena, hilak 13: 10:00etik 13:00etara, Atarikideak bakarrik.
  • Osteguna, hilak 14: 10:00etatik 13:00etara, gainontzekoak.

Sarrera guztiak zenbakituak izango dira eta salmenta orduak mantenduko dira, beti ere sarrerak agortzen ez badira; hala balitz, Ataria-k horren berri emango du.

Larunbatean bertan jarraitu beharko diren segurtasun neurrien eta ate irekieraren inguruko informazio guztia emango du Ataria-k ostiralean.

Elkar babestuz

Atarikideek Ataria babesten duten moduan, Ataria-k ere Atarikideak zaindu nahi ditu eta horregatik eskualdeko komunikabideak antolatzen dituen ekintzetan Atarikideek izaten dute lehentasuna. Oraindik ez bazara, animatu euskara hutsezko komunikazio proiektua babestera eta egin Atarikide!

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!