Ekonomia zirkularraren alde

Tolosaldeko Ataria 2020ko aza. 30a, 13:30

Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen sailak Ekonomia zirkularra modelatuz eskulturak sortzeko programaren bigarren edizioa gauzatu du, eta bertan parte hartu du Tolosako Peñascal Fundazioak.

Lanbide-heziketako gazteek hondakinen prebentziorako eta kudeaketa egokirako egiten dituzten jarduerak islatu nahi izan dituzte. Helburua Gipuzkoako lanbide heziketako ikastetxeetako ikasleak sentsibilizatzea eta filosofia hori zabaltzea izan dela esan du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Pasa den astean banatu zituzten diplomak eta Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak eman zituen. Tolosako Peñascal Fundazioak parte hartu du egitasmoan eta baita Andoaingo Lasalle Berrozpek,  Azkoitiko Izarraitzek, Elgoibarko Mekak, Donostiako Don Boscok eta Aretxabaleta Lanbide Eskolak ere. Sei ikastetxe horietako gazteek irakasleen laguntzarekin lan egin dute material birziklatuekin egindako eskulturak hausnartu, diseinatu eta egiteko.

"Funtsezkoa da gazteei lekua eta ahotsa ematea, ekonomia zirkularrari eta garapen jasangarriari buruz duten ikuspegia eman diezaguten”, esan du Asensiok. Izan ere, ekonomia zirkularra da sailaren helburu estrategikoetako bat, hondakinak murrizteko eta lehengai gisa erabiliko dituen sektore ekonomiko berri bat bultzatzeko. "Gaur egun, birziklapenaren sektoreak 5.000 langile ditu Gipuzkoan, eta uste da industria-gaitasun nahikoa dagoela kopuru horiek bikoizteko eta 2030ean 10.000 lanpostu betetzeko", esan du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!