Tolosaldeko ospitale publikoa

Osasun Mahaian parte hartzeko eskatu dio EH Bilduk Tolosako alkateari

Tolosaldeko Ataria 2020ko aza. 20a, 09:22
Apatta industrialdea da ospitalea egiteko balizko kokalekuetako bat.

Tolosako Udalak eskualdeko ospitale publikoa eraikitzeko 12 eremu aztertzen ari direla esan zuen atzo. Tolosako EH Bilduk positibotzat jo du albistea eta gaiari buruzko erabakietan, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailaz eta Tolosako Udalaz gain, "Tolosaldeko herrietako gainerako ordezkariek ere hartu behar dute parte", esan du.

Tolosako EH Bilduk esan du "bazela garaia Tolosako udal gobernuak gaiari erantzun eta herriko lurretan ospitale publiko berriarentzat egon daitezkeen kokaleku posibleak aztertzeko". Gogoratu du urteak direla "Tolosaldeko herritar, eragile, sindikatu eta EH Bildu bera" ospitale publikoaren beharra azaldu eta aldarrikatu dituztela. Baina EAJren orain arteko jarreraren ondorioz hamar urte galdu dira "proiektua gauzatzeko bidean": "Zentzu horretan modu positiboan baloratzen dugu EAJren eta PSEren udal gobernua eskualdeko ospitale publikoarentzat orube baten bila lanean jartzea. Izan ere, Udal Legeak bere 17. artikuluko 10. puntuan adierazten du udalak direla osasun publikoa sustatzea, kudeatzea, defendatzea eta babestearen arduradun".

EH Bilduren ustez, azpiegitura hori Tolosan izatea "interesgarria" litzateke, baina horretarako beste zenbait irizpide kontuan hartzea "ezinbestekoa" da. "Horrenbestez, ospitalea eskualdeko azpiegitura izanik  kokapena, zerbitzu kartera eta bestelako gaiak" jorratzeko esparrua berriki Tolosaldeko osasun eremuko 25 alkatek proposatutako Osasun Mahaia dela esan du.

"Tolosako EH Bilduk azken udal hauteskundeetan 4.249 tolosarren konfiantzak eta azken hauteskunde prozesuan Tolosan lehen indarra izateak ematen dioten babesarekin, Tolosako alkateari eskatzen dio eskualdeko alkateek osatutako Osasun Mahaian parte hartzeko. Izan ere, etorkizuneko ospitale publiko berriaren inguruko erabakietan, Eusko Jaurlaritzako Osasun saila eta Tolosako Udalaz gain, Tolosaldeko herrietako gainerako ordezkarien ere hartu behar dute parte. Horregatik, ospitalearen proiektua eskualdeko perspektiban lantzeko egitasmoa denez, ezinbestekoa da Tolosako alkateak ere Tolosaldeko alkateek martxan jarritako Osasun Mahaian parte hartzea".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!