Gehigarria: osasuna eta ongizatea

Gauzak bere izenez

Tolosaldeko Ataria 2020ko urr. 27a, 07:57

Potota, motxita, antosiñe, pottolin, piku, potor... bagina, bulba, alua. Agian arazoa hortik dator, gauzak bere izenez ez deitzean, gauzak berei zenez deituz heziketa egokia ez egitean. Zoru pelbikoa existitzen da, badugu aludunok, baduzue zakildunek.

Agian publizitatean emakume helduaren txiza galerei lotuta entzun duzu batik bat, baina kasuistika edo profil hori portzentaia txiki bat soilik da.

Zoru pelbikoa gure pelbisa azpialdetik tapizatzen duen egitura multzoa da. Alde batetik, bere %80an zehazki, ehun konektiboz osatuta dago. Honen kalitatea genetikoki ona edo eskasa izango da. Elikadura aldetik proteinak beharko ditu, animali jatorrikoak gehiago gainera, baita hidratazio egokia ere. Elastinaz eta kolagenoz osatua dago, malgutasuna du baina baita zurruntasuna ere bere funtzioak egoki betetzeko. Kuriositate gisa, erditze baginala izan dugun emakumeok kolageno defizit ikaragarria jasaten dugu eta horregatik denon kasuan, erditzea bera arrisku faktore potente bat izango da, nahiz eta fisiologikoki erditu eta zauririk ez izan kasu onenean.

Gainerako %20a ehun muskularra da berriz. Alde batetik gai gara gure zoru pelbikoko muskulatura nahita aktibatzeko, uzkurtu eta erlaxatzeko. Ehun muskularren %4a kontrolatzen dugu modu horretan. Gainerako %16aaldiz gure posturari esker aktibatuko dugu.

Kontuz gure posturarekin, nola bizi gara? Ordu luzez aulki batean eserita,gidatzen edo ordu luzez geldirik zutik, gure pelbisak blokeatuta, gerriko abdominal eskasa... Izan ere gure sabelaldeak berebiziko garrantzia du zoru pelbikoaz ari garenean. Zoru pelbikoak pelbisean ditugun organoak eusteaz gain funtzio garrantzitsua du presio kudeaketan. Diafragma torazikotik datozen presioak gure gerriko abdomino-lunbarrak kudeatzen ditu lehenbizi. Honen funtzionaltasunaren arabera, presio gehiago edo gutxiago jasoko du zoru pelbikoak. Gure eguneroko posturek, komunean edo kirolean egiten ditugun esfortzu okerrek, haizezko instrumentu bat jotzeak etab. zoru pelbikoan eragina dute, ez soilik haurdunaldiak eta erditzeak.

Eta kirola? Benetan hain txarra da emakumeok korrika egitea? Hain txarra da emakumeok indar ariketak pisuarekin egitea? Inpaktu kirolak ez du zoru pelbikoa kaltetuko baldin eta ehun horiek presio aldaketak ondo kudeatzen badituzte. Pisua erabiliz egiten den ariketa fisikoa ez da arazo, arnas patroi egokiak ezarri eta muskuluen aktibatzea ona denean. Hau da, kasu bakoitza indibidualki eta osotasunean baloratu behar da. Alde batetik ehunen indar, tonu eta karga erreflexuk egokiak diren begiratu behar dugu. Bestalde liseri aparatuko alteraziorik badagoen edo ez ikusi behar da, honek eragin zuzena izango baitu gure sabelaldean eta bere funtzionaltasunean. Berdin diafragma torazikoaren kasuan: nola arnasten dugu? Emozionalki bolada lasai batean ala estresatuta bizi gara? Eta horrekin patroi posturala aztertuko dugu. Zertarako egin zoru pelbikoa lantzeko ariketa zehatz bat gainerako guztia kontutan hartzen ez bada? Zertarako egin hain famatu diren ariketa hipopresiboak lau oinean, posizio horretan bizi ez bagara edo zure eguneroko posizioak hobetzen laguntzen ez badigu?

 

Prebentzioa, mesedez. Eta hori ezagutzatik hasten da: nor naiz, nola bizi naiz, zein patroi ditut, inkontinentzia zantzurik badut edota harremanetan arazorik? Bada landu beharreko zerbait? Zauririk? Guzti hori eta gehiago da zoru pelbikoan adituak garen fisioterapeutok baloratu eta lantzen duguna. Zaintza integral bat, informaziotik eraikitako tratamendua. Tabu gabe, ustez hain askeak garen garai hauetan oraindik ere ez delako erraza lagunartean komunera larri iristen garela esatea, ez da erraza harreman sexualetan mina sentitzen dugula kontatzea, ez da erraza gustuko dugun kirol bati uko egitea eragiten dizkidan galerengatik infekzioak ditudalako. Saia gaitezen elkarrekin hau ikusgarri egiten eta hobetzen.

  • Helbidea: Korreo Kalea, 45, Tolosa
  • Telefono zenbakia: 650 923 266
  • Webgunea: www.emeki.eus
  • Helbide elektronikoa: alazne@emeki.eus
  • Facebook: @emekiosasunaetazaintza
  • Instagram: @_emeki

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!