Mikel Ezkerro Espainiako txapeldunorde izan da Tarragonan

Tolosaldeko Ataria 2020ko urr. 19a, 17:55

Ezkerrok 110 metro hesietako proban lortu du zilarrezko domina. Tolosa CF-ko sei atleta lehiatu dira guztira Espainiako 18 Urtez Azpiko Txapelketan.

Mikel Ezkerro atleta tolosarra 110 hesietako Espainiako txapeldunorde bilakatu da izugarrizko lasterketa eginez. Finalean 2.0ko haizea kontran zutelarik 14,28ko marka bikaina lortu zuen, beste edozein urtetan nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko aukera emango liokeen marka. Horrela, aurreko urteko marka ia 60 ehunenekotan hobetu du. Klubetik atleta eta Ivan Gallego bere entrenatzailea zoriondu dituzte.

Proba berean Mikel Irastortzak parte hartzen zuen, eta honek ere lasterketa polita egin zuen 15,32ko denborarekin bukatuaz, bere marka pertsonaletik gertu, berriro ere haizearen aurka, baina finalerako txartela lortzea ezinezko izan zuen.

Bestalde, Hodei Caballero ordiziarrak 10 kilometro ibilketa proba bikaina egin zuen eta 6. postuan amaitzea lortu zuen, finalista postua eskuratuz. Izugarrizko emaitza ere Josu Gomezek entrenaturiko ibilketariarena.

Ander Martinez de Rituerto ere finalista postua lortzeko ateetan gelditu zen pertikan 4,31 metroko langa gainditzeko zorian izan baitzen. Azkenean, 4,16ko jauzi batekin 9. izatea lortu zuen.

Ibone Ezeizabarrena 1.500 metrotan lehiatu zen eta lasterketa amaitzeko bi bira falta zirela, kordako metala zapaldu eta erorikoa izan zuen. Metro dezente galdu zituen finalerako aukera guztiak galduaz horrekin. Halere 5.03ko marka lortu zuen. "Ziur gaude ez balitz erori finalista izango zela", esan dute klubetik. "Halere, esperientzia bezala balio dezake zoritxarreko gertaera honek mailako lehenengo urtekoa den atleta tolosarrarentzat. Badauka meritua mailarik altueneko kategorian han izateak".

Irati Azpilgain ere sasoiko zen, baina egiten zuen haizeak taula ondo hartzerakoan arazo ugari eman zizkion luzera jauzian. Taula ukitu gabe 5,16 metroko jauzia egin zuen, baliozko bakarra, eta aurtengo marka onena bada ere, hori baino askoz gehiago jauzi egiteko ahalmena erakutsi zuen. Sasoi puntu on hori aprobetxatzearren Azpilgainek 2020 denboraldia datorren igandean, Donostian, egingo den aukera askeko lehiaketan amaituko du. "Halere, kontutan izan behar dugu Azpilgain mailako lehenengo urteko atleta dela, beraz ikasteko eta hobetzeko asko dago oraindik", zehaztu dute klubetik.

Datorren astean bukatuko dira arazoz beteriko denboraldi honetako Espainiako Txapelketak, 16 urtez azpikoarekin Granollers-en. "Ea orain artekoak bezalako txapelketa ateratzen den. Ez da erraza izango, langa oso altu utzi baitute aurrekoek", esan dute Tolosa CF-tik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!