Sei atleta izango dira Espainiako 18 Urtez Azpiko Txapelketan

Tolosaldeko Ataria 2020ko urr. 16a, 11:58

Gipuzkoatik 11 atleta sailkatu dira txapelketarako, eta horien erdiak baino gehiago Tolosa CF-koak izango dira. Asteburuan egingo da Tarragonan txapelketa.

Mikel Ezkerrok 110 metro hesietan parte hartuko du bere 14,39ko marka hobetuz gero finalerako txartela eskuragai izango du. Mikel Irastorza ere proba berean ariko da. Bere helburua 15 segundoetatik jaistea izango da. "Hori lortzeko sasoian dago, ea zortea duen", azaldu dute klubetik.

Hodei Caballero ordiziarra 10 kilometro martxan ariko da. 48.54ko bere marka hobetuz gero finalista postua lor dezake dudarik gabe. Ander Martinez de Rituerto ere bertan izango da, kasu honetan pertika jauzian. 4,35 metroko markarekin doa. Hau hobetzea izango du helburu atleta tolosarrak eta bide batez ea finalista postua lor dezakeen berak ere.

Ibone Ezeizabarrena mailako lehenengo urtekoa da. "Meritu handikoa lehiakortasun hain handiko txapelketa horretan sailkatu izana", zehaztu dute klubetik. 1.500 metrotan parte hartuko du atleta tolosarrak eta bere helburu nagusia bere marka den 4.53 hobetzea izango da. Finalerako txartela oso garestia izango du. Irati Azpilgain ere azken orduan onartu dute luzera jauzian, eta denboraldiko momenturik onenean doa atleta gazte tolosarra. Bere markaren bila joango da.

Tarragonara hiru entrenatzaile joango dira atletekin batera kluba ordezkatuz: Luis Aranzabal, Ander Ortiz eta Ivan Gallego.

Lau domina 18 urtez azpiko Euskadiko Txapelketan

Aurreko larunbatean, egun euritsu batean egin zen Durangoko Landako kirol gunean  18 urtez azpiko Euskadiko Txapelketa. Bertan Tolosa CF--ko lau atleta lehiatu ziren asteburu honetako Espainiako Txapelketarako test moduan. Lau domina lortu zituzten.

Irati Azpilgain punttuan jartzen ari dela erakutsi zuen eta bai luzeran zein 100 metrotan brontzezko bi domina lortu zituen. Egindako markak 5,07 metro eta 12,93 izan ziren, hurrenez hurren.

Mikel Ezkerrok lortu zuen emaitzarik aipagarriena. 110 hesietan zilarrezko domina lortu zuen marka izugarriarekin, 14,39 hain zuzen ere, bere marka pertsonala ia 30 ehunenekotan hobetuz. Marka horrek Espainiako sailkapenean laugarren kokatzen du atleta tolosarra. Proba berean ere beste domina bat lortu zuen klubak, kasu honetan brontzezkoa: Mikel Irastortza hirugarren iritsi zen helmugara bere marka pertsonaletik gertu, 15,33 denbora eginez.

Ainhoa Muruak ez zuen dominarik lortu, baino gertu ibili zen 800 metrotan bere urteko marka hobetuz, 2.26rekin, eta laugarren postua lortuaz. Oso ondo aritu zen ere Altzoko atleta gaztea.

Zazpi domina Espainiako Master txapelketan

Beteranoetan  maila ederra erakutsi dute Tolosa CF-ko atletek eta parte hartu duten atleta guztiek dominaren bat lortu dute, eta jaurtitzaile guztiak txapeldun izan dira.

Jose Luis Gonzalez Txilis-ek bi urrezko domina lortu ditu, bai diskoan zein xabalinan, 32 metrotik gora eta 25 metroko jaurtiketekin hurrenez hurren. Ignacio Amonarriz ere txapeldun izan da, kasu honetan pisu jaurtiketan 10 metro eta erditik gora jaurtiaz 5 kiloko bola.

Juan Carlos Etxebeste Moxo-k hiru domina lortu ditu guztira txapelketa borobila osatuaz: 100 metrotan brontzea 13,51rekin, 200 metrotan brontzea 29,44rekin eta 400 metrotan zilarra 1.08rekin. Sergio Roman ere podiumean izan zen 5.000 metrotan brontzea lortuz, 15.42ko marka bikainarekin.

Tolosa CF-tik azaldu dutenez, "emaitza paregabeak dira gazteen eredu diren atletentzako. Astebururo berri pozgarriak besterik ez ditugu jasotzen. Gaizki ohitzen hasiak gara. Zorionak lauoi".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!