Koronabirusa

Asuncion ohiko jardunera itzultzea zalantzan jarri dute

Tolosaldeko Ataria 2020ko urr. 14a, 17:42

TOPAk bat egin du larunbateko manifestazioarekin eta hainbat galdera plazaratu: «Hemengo arazoa konpontzen da asteburu batean jarduna murriztuta?».

Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataforma oso kezkatuta dago Asuncion klinikan eman den agerraldiarekin. Esan du ospitaleko langileek aurretik ere nahikoa lan dutela behar den zerbitzua emateko, eta «horietako 37 positibo direnez», momentu honetan nola ari diren jakin nahi du. «Klinika horretara arrisku taldekoak izaten diren pazienteak joaten dira, hainbat patologia dituztenak, eta oraingoz horietako 6 koronabirusak infektatuta daude», ohartarazi du.

Gertaera horien aurrean zalantza eta galdera asko dituela esan du. Madrilen 100.000 laguneko 500eko indizearekin, alarma egoeran daudela eta horrek krisi politikoa eragin duela gogoratu du, «hemen berriz, langileen %10etik gora dago infektatuta, eta asteburuan jardunaren zati bat gelditu eta ostegunean ohiko jardunera itzultzeko asmoa dute». Adinekoen zentroetan edo eskoletan positiboak egon direnean, zentroak itxi eta pertsona horiek berrogeialdia egitera bidali dituztela gogoratu dute, «eta hemen arazoa konpontzen da asteburu batean jarduna murriztuta?». 

«Nola arraio ekin behar dio ohiko jardunari?»

Asuncion klinikak iragarri du bihar hasiko direla ohiko jardunarekin, eta hori nola egingo duten jakin nahi du TOPAk: «Oso ezaguna da klinika honek zer arazo duen osasun langileak aurkitzeko, nola arraio ekin behar dio ohiko jardunari? Betikoa eginda? Txandak bikoiztuz  osasuntsu dauden langile bakar horiei, alegia?». «Galdera da ea hori horrela egiteko arrazoi osasunari lotutako arrazoiak ari diren kontuan hartzen Tolosaldeko herritarren osasuna babesteko edo, beste behin ere, azken 28 urteetan bezala, arrazoi erabat politikoak eta ekonomikoki jarri diren Tolosaldeko herritarren osasunaren gainetik». 

Tolosako alkateak transmisio komunitariorik ez dagoela esan izana salatu du ere eta azalpen gehiago eskatu dizkio: «Esan digu transmisioa dagoela, baina ezin digu esan ez nola hasi den, ez zergatik, ez nola demontre zabaldu den hainbeste eta hain azkar. Gainera programatutako ebakuntzen kasuan edo ospitaleratu behar izanez gero, Bidasoa ospitalera bidali nahi gaituzte, argudiatuz lehenik ere joaten garela Donostiako larrialdietara. Orduan zergatik ez joan Donostia ospitalera?». Osasun sailak orain arte ez hitz egin izana salatu du, era berean. 

Arrazoi horiek direla eta, larunbateko manifestazioa babestu du TOPAk eta bertan kudeaketa publikoa duen eskualdeko ospitalea eta erabat hornituta espezialitateen anbulatorioa eskatuko dituela esan du. «Auzi hau, norberak izan ditzakeen lehentasun eta iritzietatik harago, bidezko aldarrikapen bihurtu da gaur egun, baldin eta EAEko gainerako eskualdeek duten osasun arreta nahi badugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!