Koronabirusa

«Positibo bat atzeman bezain pronto, pertsona hori bakartu egin da»

Tolosaldeko Ataria 2020ko urr. 14a, 12:35

Asuncion klinikako arduradunek Osakidetzak ezartzen duen protokoloa jarraitzen dutela diote; «COVID gunetik ateratzen diren langileek zirkuitu itxi bat dute dutxatu eta aldatu ahal izateko». 

Asuncion klinikako arduradunek esan dute astelehenetik ez dutela kutsatu berririk, eta beraz, kontrolatutzat eman dute agerraldia. Bihartik aurrera beraz ohiko jardunari ekingo diote eta kirurgiak berraktibatuko dituzte. Larrialdietara bertaratzen direnak ere artatuak izango direla esan dute. Bisitei dagokienez, murriztuta jarraituko dute. 

Izan ere, Osakidetzak ezartzen duen protokoloa jarraitzen dutela esan dute. «Klinikako langile guztiek funtzio eta lanpostu bakoitzaren araberako babeserako materiala dute eskura». Material horren erabilera eta eraberritzerako protokoloak daude ere, «eta horiek zorrotz jarraitzen dira».

Osakidetzako neurriak
Sindikatu eta langileen kexen inguruan galdetuta esan dute «Euskadiko gainontzeko ospitaleetan bezala langileei ez dizkietela PCR probak maiztasun jakin batekin egiten. Pandemiaren lehen olatua bukatzean azterketa serologiko bat egin zen langileen artean egoeraren berri izateko. Hortik aurrera, susmo txikienarekin, langile guztiek egin dezakegu PCR proba azkar eta ohiko bat, kasuaren arabera. Oraingo egoera ikusita, PCR probak egin dizkiogu pertsonal guztiari eta 7 egunez behin errepikatuko ditugu datozen lau asteetan». ELA eta LAB sindikatuek salatu dute langileen artean positiboak eman badira ere, horiek lanean jarraitu dutela, baina Asuncionek dio hori ez dela egia: «Langileen artean positiboak atzeman bezain pronto, pertsona hori bakartu da, gainontzeko biztanleriarekin jarraitzen den protokolo bera jarraituz. Eta noski arakatze lana egin da, pertsona horren kontaktuak bakartzeko». 

Gaineratu du egia dela positibo direnak eta ez direnak solairu berean daudela, baina «behar bezala bakartuta eta bananduta» daudela, «beharrezkoak diren baliabide fisikoak ezarrita eta erabat independentea den zirkuituan». «COVID gunean dauden langileak bertatik ateratzen direnean zirkuitu itxi bat dute behar bezala dutxatu eta aldatu ahal izateko, gainontzeko langileekin nahastu gabe». 

Klinikako arduradunek diote pazienteen inguruan ospitaleratu baino 48 ordu lehenago PCR proba egiten zaiela, ospitalean egon eta bosgarren egunean errepikatzen zaiela, eta egonaldia luzatuz gero astero egiten dietela. Larrialdietara joaten direnei PCR proba azkarra egiten diete, eta emaitza ordubetera izaten dute. «Emaitzaren zain dauden bitartean zona misto batean daude, COVID zonaldetik eta COVIDa ez duten pazienteen zonaldetik kanpo». 

Garbiketa
Garbiketa zerbitzuari buruz galdetuta, erantzun dute agerraldiaren ondorioz jarduna murriztu behar izatean, garbiketa beharrak ere murriztu direla, «dena den, ohiko jarduerara bueltatu bezain pronto beharrezkoak diren baliabideak indartuko dira». 

Neurriak hartu badira ere agerraldia zergatik eman ote den galdetuta, esan dute «azterketa sakona» egiten ari direla.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!