Egokituz, garai berrietara

Iñigo Terradillos 2020ko urr. 10a, 07:58
Correos-eko bulego bat. I. TERRADILLOS

Ehunka urte daramatzate posta zerbitzuek mundu osoko lurraldeetan lanean, eta teknologiak komunikatzeko tresna eta modu berriak ekarri dituen arren, oraindik ere gutunen bidalketak ugariak dira.

Kristo aurreko 255. urtekoa da ezagutzen den lehen posta dokumentua. Egipton aurkitu zuten. Garai horren aurretik, ordea, posta zerbitzuak kontinente ia guztietan zeuden. Mezulari bezala ezagutzen ziren eta errege edo enperadoreentzat lan egiten zuten.

Gaur egunera arte mantendu da posta komunikatzeko tresna moduan, baina tartean, beste tresna gehiago ere sortu dira, eta ondorioz, komunikatzeko moduak aldatuz eta ugarituz joan dira. Aldaketa nabaria ekarri zuen tresnetako bat telefonoa izan zen, eta aro digitalarekin iritsi zirenek gizakien komunikazioa irauli zuten.

Berrikuntzak berrikuntza, gutunak bidaltzen jarraitzen dira gaur egun. Are gehiago, Jesus Mari Rivera Tolosako Correos bulegoko zuzendariak dioenez, «oraindik ere zerbitzu nagusia da». Hori bai, gutunen banaketa beherantz doala dio, eta horregatik beste zerbitzu batzuetara jo beharra izan dutela «konpentsatze aldera», paketeria, kasu.

Izan ere, «asko» handitu da zerbitzu hori. «Interneteko salmenten gorakadaren ondorioz, negozio handia dago hor, eta paketeria zerbitzua eskaintzen duten enpresetan konpetentzia handia dago», dio Riverak. Gutunak soilik banatzetik zerbitzu gehiago ematera igaro dira, eta horrek ezinbestean lan egiteko modua aldatu die. «Paketeak banatzen ditugunez karroak horietara egokitu eta handitu egin behar izan ditugu. Era berean, ordutegiak egokitu behar izan dira paketeak garaiz banatzeko». Lehen, data zehatz batzuetan izaten zen pakete ugari banatu beharra. Orain, baina, hori aldatu egin dela dio: «Egunero izaten dira orain, eta azken hilabeteetako pandemiaren eragina ere nabaritu da, asko handitu baita kopurua».

Hamar urte daramatza Riverak Tolosako bulegoan lanean, eta azken zortziak zuzendari moduan. Argi du noiz hasi zen nabarmen jaisten gutunen bidalketa: «Telefono finkoa etxeetan sartu zenean hasi zen jaisten. Lehen jendeak komunikatzeko gutuna erabiltzen zuen, baina telefonoarekin hori aldatzen hasten da». Eta teknologia berria sartzen doan heinean beherantz doa gutuna. «Posta elektronikoarekin, adibidez, areagotu egin da jaitsiera hori, eta zer esanik ez telefono mugikorrak ditugunetik».

Baina, desagertu egingo al da gutuna? Ezetz uste du Tolosako bulegoko zuzendariak. «Ez da desagertuko. Erakundeetan, fabriketan nahiz partikularretan idatzizko gutunak beharrezkoak dira kasu batzuetarako, eta uste dut horrela jarraituko dutela. Beraz, digitalarekin batera bizi beharko dute idatzizko gutun eta postalek». Hain justu, postaren sektoreak duen garrantziaz herritarrak kontzientziatzeko, urriaren 9a Postaren Nazioarteko Eguna du izendatua Nazio Batuen Erakundeak. Gure egunerokoan, nahiz gizartearen garapenean betetzen duen papera azpimarratu nahi dute horrela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!