Koronabirusa

7 positibo berri azken orduetan

Tolosaldeko Ataria 2020ko ira. 22a, 12:41

Alegian PCR probak osasun zentroaren atarian egin dituzte orain arte, baina aurrerantzean kultur etxeko areto nagusian egingo dituzte.

Osasun Sailak emandako azken datuen arabera, 7 positibo berri egon dira azken orduetan Tolosaldean; bana Ibarra, Leaburu eta Villabonan, eta lau Tolosan.

Guztira 8.519 PCR proba egin zituzten atzo eta horietatik 314 izan dira COVID-19an positibo EAEn, eta 87 Gipuzkoan. ZIUN 55 pertsona daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

Bestalde, Alegiako Udalak jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Alegian egiten diren PCR probak lekualdatzea eskatu duela. Orain arte osasun zentroaren atarian egiten ziren probak, baina aurrerantzean kultur etxeko areto nagusian egingo dira, irisgarritasunarekin lotura duten arrazoiengatik. Izan ere, PCR probek ibilgailu pilaketak eragin dituzte osasun zentroaren aurretik igarotzen den errepidean eta proba horiek egitera doazen pertsonak bestelako arrazoiengatik osasun zentrora doazen herritarrekin nahasten dira gainera, eta hori ere ekidin liteke lekualdatzearekin, udalaren hitzetan. "Negura begira ere, probak egin behar dituzten langileek zein probak pasatzeko zain dauden pertsonek ere estalpea izango dute kultur etxean", gaineratu du.

Horrenbestean, kultur etxeak irisgarritasunaren aldetik eskaintzen dituen onurez baliatuko da Osakidetza. "Kotxeen joan-etorrirako arazo gutxiago egongo da, oinezkoentzat zein gurpildun aulkian mugitzen direnentzat irisgarritasuna bermatuta egongo da eta sartzeko eta ateratzeko ate ezberdinak erabiliko dira, segurtasuna bermatuz".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!