Oinarrizko beharrak asetzeko bizilekurik gabe dauden pertsonentzako egokitu dute Ekin-Enea

Tolosaldeko Ataria 2020ko uzt. 30a, 11:59

Proiektu pilotu moduan aurkeztu du Tolosako Udalak, eta eskualdeko izaera izango duen zerbitzuak 17 plaza izango ditu. Peñaskal kooperatiba arduratuko da proiektua aurrera eramateaz eta Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Tolosako Udalak finantzatuko dute zerbitzu berria.

Covid-19ak eragin zuzena izan du arlo ekonomikoan, baina baita sozialean ere. Tolosako Udalak gizarte beharrak nabarmen areagotu direla adierazi du, eta hori dela eta, hasiera- hasieratik, herritarren gizarte babesa eta ongizatea bermatzea lehenetsi duela azpimarratu dute. Ildo horretatik, udal gizarte zerbitzuak indartu ditu: "Gizarte beharretara bideratutako aurrekontua handitu eta hainbat neurri hartu dira zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen beharrei erantzuteko asmoz". 

Etxealdian, gogora ekarri du Peñaskal Kooperatiba aritu dela Abegi zentroan gau eta egunez zerbitzua ematen. Larrialdi egoerak aurrera egin ahala, "bazterkeria larrian dauden pertsonen esku-hartzerako zerbitzuak eta gizarteratzeko egitasmoak lantzeko beharra areagotu egin da, eta behar horri erantzuteko sortu da Ekin-Enea proiektu pilotua", adierazi dute udaletik.

Abegin hasitako esku-hartze prozesuekin jarraitzeko, eta sortutako behar berriei erantzuteko landu dute, hain zuzen ere, Ekin-Enea proiektua. Azken hilabeteetan,  Peñaskal Kooperatibaren, Tolosako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren artean landu dute, eta Eusko Jaurlaritzaren Lehen Urratsa diru laguntza egitasmoaren harira burutu dute. 17 plaza izango dira bizilekurik gabe, bazterkeria egoeran dauden pertsonei zuzenduta. Abenduaren 31 bitartean eskainiko da zerbitzua.

San Frantzisko pasealekuan kokatutako dagoen Villa Sagrado Corazón eraikinean tutoretzapeko etxebizitzak sortu dituzte, "Paulgo San Bizenteren Karitateko Alabek eraikina erabiltzeko aukera eskaini dutelako", argitu dute. Etxebizitzaren kudeaketaz, berriz, irabazi asmorik gabeko Peñaskal Kooperatiba arduratuko da, eta "txandakako plazak izango dira, laneratzea eta gizarteratzea sustatzeko eta beraz, orotara, 30 pertsona inguru artatzea aurreikusten da", gaineratu dute. 

“Atzemandako bazterkeria egoerei erantzuna eman nahi diegu egitasmo berri honen bitartez, etxerik gabeko pertsonak artatzetik haratago, bizitza proiektua berreskuratzeko aukera eskaini nahi diegu, esku-hartze integralaren bitartez, pertsona horiek gizarteratzeko eta laneratzeko helburuarekin” azaldu du Olatz Peon Ormazabal alkateak.

Zerbitzua egunez eta gauez eskainiko da, eta oinarrizko behar guztiak aseko dira: lo egiteko lekua, janaria, arropa, oinetakoak eta higienea. Horrez gain, tutoretzapeko Ekin-Enea etxebizitzan elkarbanatzeko eremuak ere izango dituzte integrazio prozesuan laguntzeko: sukaldea, aldagelak, komunak eta dutxak, eta egongela. Interneterako sarbidea ere izango dute eta Peñaskalek dituen beste instalazio eta ekipamenduak erabili ahal izango dituzte. 


Jarraipena, zaintza eta kontrola
Tolosako Udaletik esan dutenez, Peñaskal Kooperatibako ordezkari batek eta udaleko Gizarte Zerbitzuetako beste batek osatutako koordinazio mahaia eratuko da proiektuaren jarraipena egiteko: "Erabiltzaileen balorazio eta diagnosia Peñaskalek egingo du, erabiltzailearekin batera, norberaren helburuak eta helmugak zehazteko". Hori guztia kontuan izanik, esku-hartze proposamena garatuko du Peñaskalek eta erabiltzaile bakoitzaren jarraipen pertsonala eta integrala egingo da. 

Laguntza jasoko dute lan eta formakuntzari dagokionez, eta dituzten aukeren berri emango zaie bertan. Lege izapideen inguruko aholkularitza ere jasoko dute, eta arreta psikosoziala ere eskainiko zaie. Era berean, aisialdi eta kirolari lotutako jarduerak ere garatuko dituzte.

Erabiltzaile bakoitzak, ordea, bere konpromisoa eta ardura hartu beharko ditu proiektuan sartzeko: "Guztiek proiektuan parte hartzeko borondatea izan behar dute, eta modu aktiboan parte hartu beharko dute, eta noski, bertako elkarbizitzarako arauak errespetatu beharko dituzte", nabarmendu dute.

Bukatzeko, udalak 48.800 euro bideratu ditu proiektura eta Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Tolosako Udalaren artean finantzatuko da proiektu pilotua. “Eskualdeko izaera duen proiektua da, eskualde mailan egon litezkeen beharrei erantzuteko, hortaz eskualdeko herriek ere egitasmo honetan parte hartzeko aukera dute", azpimarratu du Peonek. Horretarako, Tolosako Udalarekin lankidetza hitzarmena sinatu beharko lukete, ordea, eta "eskualdeko udalerriek erabiltzen dituzten plaza horiei dagokien kostua bere gain hartu beharko lukete”, adierazi du alkateak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!