"Herritarren beharrei erantzuten badakigula erakutsi dugu"

Iñigo Terradillos 2020ko uzt. 8a, 11:59

«Pertsonak ardatz hartuta» lanean jarraitzeko konpromisoak hartu behar direla dio, «inor atzean utzi gabe», eta, era berean, jarduera ekonomikoa eta enplegua sustatzeko helburuarekin.

EAJ-ren Gipuzkoako zerrendan hemeretzigarrena da Olatz Peon (Tolosa, 1969) Tolosako alkatea. Ezberdinen arteko akordioetara iristea dela politikaren baloreetako bat dio.

Osasun krisiaz egin den kudeaketaz zer balantze egiten duzue?

Krisi honek gure gizartean daukagun onena azaleratu du, eta, aldi berean, baita gabeziak ere. Euskadik jakin du eta jakingo du ezohiko egoera honetatik ateratzen. Gure eredua sendoa dela ikusi da, baina erronka handiak ditugu. Osasun larrialdiak, halaber, balioan jarri ditu gure gizartearen baliabideak, osasun sistema, kasu. Herritarren beharrei erantzuteko gaitasuna izan dugu. Hori da gakoa, pertsonak direla gure politikaren erdigunean jartzen ditugunak. Baina, lanean jarraitzeko konpromisoak hartu behar dira, pertsonak ardatz hartuta, osasuna, hezkuntza eta gizarte babeserako oinarrizko zerbitzuak bermatuz, inor atzean utzi gabe, eta era berean, jarduera ekonomikoa eta enplegua sustatzeko helburuarekin.

Jaurlaritzaren azken legealdiaren kudeaketa nola baloratzen duzue?

Eusko Jaurlaritzak herritarrekin hartutako konpromisoak bete ditu. Duela lau urte langabezia %10etik behera kokatzeko konpromisoa hartu zuen, eta baita bete ere. Lehendakariaren lidergotik, jaurlaritzak oinarri sendoa du, aurrekontu orekatuarekin eta zorpetzerik gabe. Gizarte oreka indizea Europako altuenetakoa dugu, eta honek ematen dio gure ereduari lidergoa eta segurtasuna. EAJ-k euskal jendartearen beharrei erantzuten badakiela eta aurrean ditugun erronkei aurre egiteko lanerako prest dagoela eta horiek lidergotzeko gai dela erakutsi du.

Errealitate berria nola ikusten duzue?

Beste hainbat krisitan bezala, honetan ere, gurea herri solidarioa dela nabarmendu da. Herritarrek arduraz eta elkartasunez jokatu dute, eta modu berean jokatzea ezinbestekoa izango da egoerari eutsi eta aurre egiteko. Euskal Herriak orain aukera baliatu behar du behar dena aldatzeko eta hobetu behar dena hobetzeko, horrelako pandemia baten aurrean prestatuago egoteko.

Ekonomian eragin handia izan du osasun krisiak. Zer neurri aurreikusten dituzue?

Gure helburua hazkundearen bidea berreskuratzea eta langabezia tasa berriro ere %10etik behera kokatzea da. Enplegu egonkorra eta kalitatezkoa nahi dugu eta hori industria sektoreak sortzen du. Industria aurreratua sustatzeko inbertsioak %6ko igoera izatea proposatzen dugu. Enpleguaren kalitateari heltzeko, esaterako, lan harremanen euskal sistema indartzea eta bereziki emakumeek jasaten duten soldata arrakala murriztera bideratutako ekimenak indartzea proposatzen dugu. Merkataritza sustatzea ere lehentasuna da guretzat, eta gazteei begira talka plana garatzea da asmoa, 30.000 gazte baino gehiagori lan esperientzia errazteko.

Euskalgintzan ziurgabetasuna handia da, osasun krisiak eragin handia izan duelako eta diru laguntzekin kezka dagoelako. Zer da zuek proposatzen duzuena?

Euskararen erabileraren aldeko apustu politiko argia egiten jarraitzen dugu. Gure programan euskarazko edukiak argitaratzen dituzten komunikabideei zuzendutako diru laguntza deialdiak indartzea jasota daukagu. Euskarak hizkuntza politika eraginkorrak behar dituelako, konpromiso zehatzak jaso ditugu, euskara delako gure nortasun ezaugarria eta mundu eleanitzean euskarak aberastu egiten gaituelako. Aberastasun hori zaintzea eta garatzea gure betebehar bezala sentitzen dugu.

Pentsiodunek kezkatzeko arrazoiak ba al dituzte?

Espainiako azken aurrekontuetan EAJ izan zen pentsioak KPI-ren arabera igotzea lortu zuena. Erkidegoan Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren bitartez pentsio txikienak dituztenei osagarria igotzeko asmoa aurkezten dugu. Pentsiodun bakarraren kasuan 800 eurora arte eta bi pertsona bizi badira 1.000 eurora arte. Gakoa, hala ere, autogobernuan dago. Geroz eta autogobernu handiagoa izan, orduan eta eskumen gehiago izango ditugu eta ongizate handiagoa.

Tolosaldeko osasun sistema eztabaidarako gai izan da azken urteetan. Zer proposatzen duzue?

Osasun sistema etengabe hobetzen jarraitzeko konpromisoa dugu, eta horretarako, 4.000 lanpostu berrirekin hornitu nahi dugu Osakidetza. Tolosaren kasuan, doakotasuna, unibertsaltasuna eta kalitatea bermatzen duen ospitalea proposatzen dugu. Kontzertazioaren formula erabili zen Asuncion klinikaren bitartez, eta balioan jarri izan dugu eman duen emaitza. Baina, gaur gaurkoz, ESI-aren antolaketak eta egindako ibilbideak ahalbidetzen du izaera publikoa izango duen ospitale berria eraikitzeko pausoak ematen hastea.

Ingurumenari begira, zer da nabarmentzen duzuena?

Ekonomia lehiakorra, guztion bizi kalitatea eta ingurumenaren zaintza elkarrekin uztartzen asmatu behar da. Lehentasuna Euskadik klimaren aldeko akordio zabal batekin erantzutea da, eta helburu nagusia 2050. urterako neutraltasun klimatikoa lortzea, klima aldaketa geldiaraztearekin batera, gure inguruan biodibertsitatearen galera irauli eta kutsadura murrizteko.

Zer alderdirekin hobesten duzue itunak egitea?

Alderdi batzuk esan dute ez dutela asmorik EAJ-rekin akordioetara iristeko. Hori da Podemos-en kasua. Beraz, hor zailtasuna agerikoa da. EH Bilduren kasuan, zoritxarrez erakunde guztietan EAJ-rekiko konfrontazio estrategia darama. PSE-rekin, aukera egon egongo da. Orain arteko itunak emaitza onak eman ditu. Politikaren baloreetako bat ezberdinen arteko akordioetara iristea dela iruditzen zait.

Beste alderdi nagusiak nola definituko zenituzke?

EAJ alderdi konprometitua, segurtasuna ematen duena eta abertzalea dela esango nuke. EH Bildu-rekin dudan sentsazioa da beti berandu dabilela. PSE une honetan ez dut alderdi sendo bezala ikusten, baizik eta pertsona baten proiektuaren itzalpean. Podemos-ek Euskadirentzat proposamenik duenik ez dut ikusten. Eta PP gurean desagertuta dagoela esango nuke, iragana da.

 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!