"Eskuak ez dira txalotzeko soilik. Balkoietatik jaisteko garaia iritsi da"

Tolosaldeko Ataria 2020ko eka. 16a, 19:36

Larunbatean, 12:00etan, elkarretaratzea antolatu du TOPA plataformak Tolosako Trianguloan. "Heroiak" ez dituztela nahi azaldu dute, beste eskualdeetako baldintza berak baizik. Alderdi politikoei, euren jarrerak publiko egitea eskatu die.

Tolosaldea Osasun Publikoaren Aldeko plataformak kalera irteteko deia egin du ekainaren 20an. Elkarretaratzea egingo dute Trianguloan, 12:00etan. Leloa ondorengoa izango da: Eskuak ez dira txalotzeko soilik. Balkoietatik jaisteko garaia iritsi da.

Gaur, prentsaurrekoa egin dute larunbateko deialdiaren berri emateko eta eskualdea "zer nolako egoeran" dagoen gogora ekartzeko.

Azken 35 urte hauetan, Tolosaldea, ospitale publiko bat eraiki ez den eskualde bakarra dela esan dute. Horrez gain, "urtean 12 milioi euro gutxiago jaso dituen eskualdea delako gure hau, Asuncion Klinikarekin sinatutako hitzarmen bat tarteko" azaldu dute TOPA-tik. "Beraz, 9 urteko hitzarmenaren ondoren guztira 108 milioi gutxiago jaso ditugu".

Plataformaren arabera, egoera larri hau beste batek larriagotzen du: "Klinikako espezialisten %50 inguru ez dira espezialista homologatuak, mediku orokorrak baizik, baina espezialisten lana egiten dute. Adibidez, Traumatologia Zerbitzuan, 7 medikutatik batek besterik ez dauka espezialitate hori homologoatua".

TOPAk salatu duenez, horrek erakusten du eskualdean jasotzen den arretaren kalitatea okerragoa dela beste eskualdeetan jasotzen dena baino: "Horrelaxe aitortu zuten lehen aldiz Tolosako Udalbatzako alderdi politikoetako ordezkari guztiek martxoaren 5eko osoko bilkuran".

Euren aldarrikapenak berresteko garaia dela uste dute: "Tolosalderako eskualdeko ospitale publiko bat; espezialitateen anbulatorio bat, guztiz hornitua eta gainerako eskualdeen antzeko finantziazioa".

Heroiak baino beste osasun profesionalen antzeko lan eta baliabide baldintzak dituzten profesionalak nahi dituzte eskualdean, hau da, "profesional homologatuak eta behar bezala prestatuak".

Azkenik, osasun publikoaren aldeko plataformatik alderdi politikoei luzatu die deia: "Argi eta garbi adieraz dezatela zer osasun politika ezarriko duten datozen urteetan, eta beren jarrera publikoki defendatzera gonbidatzen ditugu, horrela, herritarrek hauteskundeak baino lehen jakin dezaten zer proposamen dituzten Tolosaldean osasun arreta hotzeko".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!