Babestutako edukia

"Irakasleekiko tratua askosez gertuagokoa da"

Tolosaldeko Ataria 2020ko eka. 4a, 18:59

25 urte ditu Wepsiec-ek. Elduainen bizi da eta duela zortzi urte oinarrizko Lanbide Heziketa egin zuen Peñascal fundazioan, galdaragintzako zikloan.

Zeini gomendatuko zenioke Lanbide Heziketa egitea eta zergatik?

Ikastea gehiegi gustatzen ez zaienei gomendatuko nieke. Irakasleekiko tratua ez da eskolan izan ohi den bezalakoa, askoz gertuagokoa da.

Zein da zure esperientzia?

Oso gertuko tratua ematen dute eta irakasleak ez dira eskoletakoak bezala, tratua oso desberdina da. Nik oso esperientzia ona izan nuen eta oso gustura egon nintzen. Irakasleek entzuten dakite eta niri asko lagundu dit horrek.

Nolakoak dira Peñascaleko eskolak?

Eskolan eseri eta irakasleari entzuten egon behar da, baina hemengo esperientzia bestelakoa da. Peñascaleko funtzionamendua bestelakoa da; denbora gehiena praktikatzen ematen da, teoria lantzen baino gehiago. Nirea bezalako perfila dutenentzat askoz hobea da.

Bi urte eman zenituen Peñascalen, eta ondoren praktikak egiteko aukera izan zenuen, ezta?

Bai horrela da. Zikloa bi urtetakoa da, praktikak barne. Ikasketak bukatuta Lizartzako enpresa batean praktikak egiteko aukera izan nuen eta behin bukatuta bertan lanean jarraitzeko aukera izan nuen. Urte eta erdiz aritu nintzen bertan lanean eta beste enpresa batean, Borobilen, lanean aritzeko aukera sortu zitzaidan gero. Bost urte aritu naiz bertan peoi bezala eta oraindik bertan jarraitzen dut, baina lehen mailako ofizialen kategoria daukat orain.

Bestalde, Peñascali esker eskolan atera ez nuen DBHko titulua ateratzeko aukera izan dut. Ikasten jarraituko banu, tituluak aukera ematen dit erdi mailako ikasketak egiteko.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!