Babestutako edukia

"Ikasitakoa lan mundura eramateko aukera eman zidan"

Tolosaldeko Ataria 2020ko eka. 4a, 11:30

Maialen Gonzalez, Inmakulada Ikastetxea.

Zergatik aukeratu zenuen Lanbide Heziketa egitea?

Betidanik gustuko izan dut esparru hori. Gure gizartean beharrak alde guztietatik sumatzen direla uste dut eta behar horiei erantzuna emateko aukera izatea zoragarria iruditzen zait. Gainera, pertsonei zuzendutako lanak/laguntzak/egokitzapenak garatzea funtsezkoa da zailtasunak dituzten pertsonei beraien bizi kalitatea hobetzen laguntzeko.

Zer moduz DUAL prestakuntzan?

Oso ondo! Nire lehengo esperientzia Katealegaian izan zen, lan txertatzaile bezala. Esperientzia oso polita eta interesgarria iruditu zitzaidan, izan ere, ikasten ari nintzen edukiak lan munduan praktikan jartzeko aukera paregabea eman zidaten bai Inmakulada ikastolak eta baita Katealegaiak ere. Urtebeteko epea eman zidaten DUALa burutzeko eta epe horretan nire zeregin nagusiena bertara etortzen ziren langileei harrera eta elkarrizketak egitea izan zen.

Gureak-en aritzen zara orain, zer moduzko esperientzia izaten ari da?

Bikaina. Gureak enpresan lanpostu berri bat sortu zuten eta norbait behar zuten hori betetzeko; Inmakulada izan zen enpresa eta nire artean zubi-lanak egin zituena. Aukeraketa prozesura bidali zidaten eta aukeratua izan nintzen.

Zer moduz lanean? Gustura al zaude zure lanpostuarekin? Ikasitakoak balio izan dizu?

Hasieran atsedenetako zaintzak egiten nituen eta gaur egun, Bidean programako arduraduna naiz. Noski ikasitakoak balio izan didala, baina erakunde, enpresa... bakoitzak lan egiteko era desberdinak ditu eta zu zara lanera egokitu behar zarena. Ikasi duzun guztia beraien metodologia erabiliz nola azalarazi dezakezun ikusi behar duzu.

Zerbait gehiago ikasi behar izan duzu?

Nire esparruarekin zerikusia daukaten ikasketak gauzatzen jarraitu dut. Azkeneko lorpena, zeinu hizkuntzako B1-a izan da.

Lanbide Heziketak eskaintzen duen formazioa gomendatuko zenuke?

Lan bokazionala dela uste dut, baina bai, esparru hau gustukoa baduzu... aurrera!

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!