Tolosa CF-ko atletak hasi dira Berazubin entrenatzen

Imanol Garcia Landa 2020ko mai. 28a, 09:47

Tolosako Udalak baimena eman dio klubari estadioan entrenamenduak egiteko; oraingoz Tolosa CF-ko atletek bakarrik erabili ahal izango dute.

Tolosa CF-ko atletismo saileko kirolariak atzo arratsaldean hasi ziren Berazubiko estadioan entrenatzen. Txandaka ariko dira, eta txanda bakoitzean 20 pertsona sartu ahal izango dira, atletak eta entrenatzaileak kontuan hartuta. Tolosako Udalak ebazpen bidez eman dio Tolosa CF-ri estadioko pistak erabiltzeko baimena, Kirolzer enpresaren adostasunarekin, azken hau baita herriko kirol azpiegituren zerbitzuaz arduratzen duena. Baimenak Kirolzer enpresak azpiegiturak zabaldu bitarte iraungo du.

Maiatzaren 8an bidali zuten Berazubi estadioa erabiltzeko eskaria Tolosa CF-ko atletismo sailekoek udalera, eta bertan zehazten zituzten erabiliko zituzten babes neurriak. Lander Gil atletismo saileko zuzendaritzako kideak eta entrenatzaileak azaldu duenez, «atletek beraien entrenamenduak modu egokian aurrera eramateko aukera dute orain, asfaltoan entrenatzeak lesioak sortzea ekarri dezakeelako».

Asteburuan sare sozialetatik Berazubi irekitzeko eskaria egin zuten atletismo sailetik. «Bere momentuan eskaria egin genuenean, espero genuen erantzun azkar bat izatea, gaia aztertzen ari zirela esanez», esan du Gilek. «Gerora Tolosako Udalarekin eta Tolosa CF-ko zuzendaritzarekin hitz egitean, erantzuna emanda zegoela esan ziguten. Gaizki ulertua edo komunikazio falta izan dela ondorioztatu dugu, eta atzo [asteartea] egon ginen harremanetan protokoloa-eta zehazteko. Azkenean ikusi da bai udaletik, bai Tolosa CF-tik eta bai atletismo sailetik prestasun eta komunikazio ona dagoenean, dena toki onera iristen dela». Lortutako baimenarekin «oso gustura» daudela azaldu du Gilek, eta Tolosako Udalari eskertu dio beraien eskaria kontuan hartu izana. Sare sozialetatik zabaldutako mezuak «aldarrikapen» moduan ulertu behar direla gaineratu du: «Ikusten genuen beharrezkoa zela Berazubin entrenatzea, lesioak ekiditeko, eta aldarrikapenak ez ditugu egin inor kaltetzeko asmoz».

Bere aldetik, Joxe Mari Villanueva Tolosako Udaleko Kirol zinegotziak azaldu duenez, «udaletik aspaldidanik ari gara prestatzen, batez ere Kirolzer enpresarekin, koronabirusa dela-eta sortutako egoerari erantzunak emateko». Tolosa CF-ko atletismo sailetik jasotako eskaerari erantzuna eman ziotela zehaztu du Villanuevak. «Komentatu genuen gure interesa dela kirol azpiegiturak lehenbailehen irekitzearena. Kontua da legeek esandakoaren arabera joan gaitezkeela pausoak ematen. Alarma egoeran gaude, gauza oso serioa da, eta ezin dira egun batetik bestera zabaldu azpiegiturak, legearen eskakizunak oso zorrotzak direlako. Eusko Jaurlaritzak igandean eman zuen baimena kirol azpiegiturak irekitzeko».

Udalaren partetik ez dela «komunikazio faltarik» izan esan du Villanuevak: «Tolosa CF-ko lau pertsona ezberdinekin hitz egin dugu gure asmoak azalduz, eta zinegotzi batekin ere, eta beraien artean ez dute informazioa pasa. Beraiek ikusiko dute zergatik nahi izan duten Facebooketik mezuak zabaldu, nirekin zuzenean harremanetan jartzeko aukera izanda».

Beste kirol azpiegiturak irekitzen joateko asmoa dute udaletik. Ekainaren 15aren inguruan zabaltzeko lanean ari direla azaldu du Villanuevak. Aste honetan beste kirol taldeekin hitz egiteko asmoa azaldu du, egoeraren berri emateko. Bestalde, Kirolzer enpresatik aplikazio bat martxan jartzen ari direla zehaztu du, kirol azpiegituretan sartu daitekeen jende kopuruaren kontrola emateko.

TXAPELKETEI BEGIRA

Berazubi estadioko pistak oraingoz Tolosa CF-ko atleta federatuek bakarrik erabili ahal izango dituzte. Ordutegia 16:30etik 20:45era bitartekoa izango da, astelehenetik ostiralera, bi egunak barne. Talde txikitan entrenatuko dute, eta talde bakoitza estadioko zona batean ariko da. Kirolarien artean bi metroko distantzia mantenduko dute gutxienez, eta erabiltzen duten materiala desinfektatu egingo dute. Bestalde, klubak pertsona bat jarriko du atezain lanetan, instalazioa ireki eta ixteko, eta txanden aldaketa zaintzeko.

Denboraldiari begira, Espainiako Federaziotik azaldu dietenez, gazte mailetako Espainiako Txapelketak antolatzen saiatuko dira urrian. Horrez gain, Nafarroako Federazioak egutegia atera du lehiaketekin. «Espero dugu Gipuzkoako Federazioak ere egutegiren bat osatuko duela», esan du Gilek. «Herri lasterketako antolatzaileak hasi dira klubei jakinarazten iraila-urria ondoren hasiko direla lasterketa batzuk izaten». Txapelketa eta proba horiei begira Berazubin entrenatzen hastea «garrantzitsua» zela esan du Gilek. «Denboraldia abendua bitarte da eta denbora badago berriz sasoian jarri eta emaitza politak lortzeko».

JOSE LUIS GONZALEZ, TXAPELDUN

Alarma egoera ezarri aurretik, Tolosa CF-ko Jose Luis Gonzalez San Sebastian Txilis atletak M-70 mailako Espainiako Txapelketa irabazi zuen disko jaurtiketan. Kilo bateko diskoa 30,85 metrotara bota zuen. Jabalina jaurtiketan bigarren izan zen, 31,46 metroko jaurtiketarekin. «Emaitza aparta, beraz, berriz ere gure jaurtiketa luzeetako eredu den atletaren aldetik», azaldu dute klubetik.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!