Argiak itzalita ditu oraingoz

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko mai. 20a, 19:00

Euskal Herriko 14 herritan ehunka saio eskaintzea aurreikusita zuen Gure Zirkuak. Ezohiko egoerak, ordea, atzera bota ditu plan guztiak; soluzio bila dabiltza, herritarrek aurten ere zirkoaz goza dezaten.

Iker Galartzak eta Joseba Usabiagak, artista gehiagorekin batera, 2018an hasi ziren Gure Zirkua proiektua Euskal Herriko herri eta hiriburuetan aurkezten. Orain arte, ehunka emanaldi eskaini dituzte; iazkoak ez zuen zerikusirik duela bi urtekoarekin, eta aurtengo saiorako ere eduki berriak sortzen eta egitura berritzen ari ziren. Martxoan ziren entseguekin hastekoak, eta maiatzaren 1ean, berriz, emanaldiekin. COVID-19aren pandemiak eragindako alarma egoerak, ordea, itzalita mantentzen ditu, oraingoz, zirkuko argiak.

Galartzak, ordea, fokuak noizbait berriro pizteko esperantza du. «Une honetan, geldirik dago Gure Zirkua, eta galdera ikurrez bete da karpa. Zorionez, beste lan batzuk egiten ditugu bertako artistek, eta beraz, horri heltzen diogu orain». Beste ikuskizun askori bezala, itxarotea egokituko zaie. «Hala ere, futbola ikuslerik gabe hasten bada, ziur naiz zirkura ez dela inor sartuko», dio.

Enpresa askotan, Aldi Baterako Enplegu Erregulazioak aplikatu zaizkie langileei. Gure Zirkuan, baina, bestelakoa da egoera. «Kontratu osagarri moduko bat izaten dute artistek, sei hilabeteko lanaldiarekin. Orain geldirik harrapatu gaituenez, ez dugu ABEE-rik aplikatu behar izan. Hori, baina, ez dakigu onerako edo txarrerako den».

Zirkua geldirik egon arren, gastuak ere badituzte. «Karparen asegurua edota kamioiaren IAT-a ordaindu behar dira. Genuen koltxoi ekonomiko txikiak, emanaldi berrirako inbertsio txikiak egitea ahalbidetzen zigun. Ez ginen entseatzen ari, baina dekorazioan pentsatzen, abestiak aukeratzen edota eduki berriak sortzen ari ginen. Hall bat ere erosia genuen. Hala ere, aurreko bi urteetan moldatu garen bezala moldatu beharko gara, kontuan izan behar baita, diru-sarrera bakarra, sarreren salmentan lortutakoa izaten dela».

BALIARRAINEN ERE BAI

Dirudienez, aurten ezinezkoa izango zaie emanaldiak eskaintzea, ez behintzat orain arte ezagutu diren moduan. «Egoera hau gehiago luzatuz gero, komeriak etorriko dira» dio Galartzak. «Ohartzerako ekainean sartzera goaz, eta udara etorriko da gero; urduritzen hasiak izango gara».

Aurreikuspenen arabera, Euskal Herriko 14 herri bisitatuko zituen Gure Zirkuak, besteak beste, Errenteria, Elgoibar, Dima, Barakaldo, Agurain, Sakana bailara edota Iruñerri. Herri bakoitzean bi astez egotea zen asmoa. «Lizarran, Tafallan edota Tuteran egiteko asmoa ere bagenuen, baina agian datorren urterako utzi daitezke». Eskualdeari dagokionez, Baliarrainen ziren izatekoak. Gabonetan ere zerbait berezia egitea aurreikusita zuten, «iazko esperientzia oso ona eta arrakastatsua izan baitzen».

Errenterian, gainera, dinamika desberdinak egin behar zituzten ikastetxeetako haurrekin. «Batetik, gure saioaren entsegu orokorrak egiteko leku bat behar genuenez, bi aste lehenago, karpa jarriko genuen bertan. Bestetik, goizetan, haurren bisitak jasoko genituen, zirkuko artistekin egoteko, bertako bizimodua ezagutzeko eta tailerretan aritzeko aukera eskainiz. Guztiok dakigu zeinen zoriontsua den haur bat itzulipurdika eta soken artean gora eta behera dabilenean».

NEURRI HORIEKIN, ZENTZURIK EZ

Egun, ezjakintasuna da nagusi zirkuko artisten buruetan. Galdera eta zalantza ugari dituzte. «Uztaila bitarteko saioak bertan behera geratu dira. Uztaileko lehen hamabostaldikoek ere zalantza handia sortzen dute. Hala ere, zintzoak izanda, harmailen %50a soilik bete badaiteke, Gure Zirkuak ez du zentzurik. 120 lagun sartuko genituzke, baina oso zaila izango litzake guztien segurtasuna bermatzea. Zirkua polita da bai, baina txikia ere bai».

Ondorioz, soluzio bila dabiltza artistak, besteak beste, ez dutelako ezer egin gabe geratzeko asmorik. «Kultur eskaintza txikiagoa izango da aurten. Aukera bat izan daiteke, leku finko bat topatu, 600 lagunentzako karpa handiagoa ekarri, eta 300 sartu ahal izatea. Behin hori jarrita, hainbat astetako egonaldia egitea litzake onena, udan ere zirkuaz gozatzeko aukera izan dezagun».

Bestelako alternatibak ere jarri izan dituzte mahai gainean. «Askok aipatu digute online bidez emanaldiak eskaintzearen ideia. Horrek, ordea, ez du zentzurik, zirkua tokian bertan, zuzenean bizi behar delako. Bestetik aire librean eskaintzearena ondo pentsatu eta baloratu izan dugu, baina noski, Euskal Herrian bizi gara. Edozein unetan sekulako zaparrada bota dezake, eta saioa bertan behera geratuz gero, komeriak izango genituzke».

Bien bitartean, elkarren arteko harremana mantentzen dute kide guztiek, egunero. «Batzuetan triste gaude, besteetan aieruka, edota positiboan pentsatzen. Bideoak ere partekatzen ditugu, zenbat hobetu dugun ikusteko. Bira gehiago atzeratuz gero, hobekuntzekin itzuliko gara».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!