Koronabirusa

Iruran zenbatu dute Gipuzkoako positibo bakarra

Tolosaldeko Ataria 2020ko mai. 20a, 12:39

Azken 24 orduetako datuak eman ditu Osasun Sailak. Herrien erreferentzia egiten hasi da berriro Eusko Jaurlaritza, nahiz eta modu mugatuan izan.

Gaur eguerdian maiatzaren 18tik 19rako datuak eman ditu Eusko Jaurlaritzak. Horien arabera, Gipuzkoan positibo bakarra egon da, hain justu, Iruran zenbatu dutena. Datu horien arabera, maiatzaren 15etik ez da eskualdean positibo berririk egon.

Herrietako datuak afera

Eusko Jaurlaritza martxoaren 18an hasi zen herrietako datuak publiko egiten. Taula horietan, positibo kasuak zenbatuz joan da geroztik, egunero egunero, maiatzaren 14ra bitarte. Egun horretan, herrietako datuak eta ospitaletakoak ez zituen publiko egin. Tolosaldeko Ataria-k Osasun Sailarekin hitz egin zuen, eta bertatik, ondorengoa erantzun zuten: "Gaur horrela bidali dituzte datuak. Horrek ez du esan nahi bihar berriro herrien zerrenda agertuko denik edo ez. Ez dakit. Gaur horrela bidali dute behintzat".

Hurrengo egunean, maiatzaren 15ean, Berria egunkariak Osasun sailaren informazio murrizketak argitu zituen. Herrietakoa datuak ez ziren falta ziren bakarrak: "Ez da informazioan egindako murrizketa bakarra: bezperan, utzi zioten oinarrizko birsorkuntza tasa —batez beste, koronabirusaz kutsatutako bakoitzak zenbat lagun kutsatuko dituen— herrialdeka emateari, eta orain datu bakarra ematen dute Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako".

Eitb.eus webgunean ere antzeko albistea argitaratu zuen: "Osasun Sailak COVID-19aren bilakaera udalerrika jakinarazteari utzi dio".

Maiatzaren 15ean, bertan, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak azalpen oharra plazaratu zuen datuekin batera. Ohar hori gazteleraz bakarrik egin zuen publiko. Informazioa emateko moduaren aldaketen inguruan honakoa zioen: "Osasun Sailak bere informazio sistemen azterketa zehatza egin du, informazioa hobetzeko eta osatzeko".

Maiatzaren 16an, Eusko Jaurlaritzak datuak ematen jarraitu zuen, modalitate berrian.

Maiatzaren 17an, Naiz-ek (gazteleraz) Iñigo Urkullu lehendakari hautagaiaren hitzak plazaratu zituen, ordura arteko metodoaz ondorengoa esanaz: "Urkulluren arabera ulertzeko ez dira errazak eta batzuetan oker interpretatu dira, 'modu interesatuan'".

Maiatzaren 20an, gaur, El Diario Vasco egunkarian Fermin Apeztegia kazetariak ondorengoa dio: "Eguneroko informea egiten zuten erredaktoreek planto egin dute". Artikulu horretan, besteak beste, ondorengo baieztapenak agertzen dira:

  • "Informe horiek ez ditu orain arte Osasun Sailak egin, aldiz, bi funtzionario aritu dira lan horretan. Nekane Murga sailburuaren eta honen kontseilariordearen (Iñaki Berraondo) mendekoak ziren bi funtzionario horiek".
  • "Bi funtzionario horiek planto egin zuten aurreko astean".
  • "Ezin zuten gehiago. Lehertuta amaitu zuten. Lan egun batzuetan 12 ordu baina gehiago sartu zituzten".
  • "Langile horietako bat bajan dago estresagatik. Bestea Osasun Minesteriora itzultzea pentsatzen ari da, denbora baterako erakunde horretatik etorri baitzen".
  • "Hori izango litzateke eguneroko informazio boletina aldatzearen arrazoia".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!