Koronabirusa

Uretara joateko gogoz

Imanol Garcia Landa 2020ko mai. 5a, 19:48

Kirolari federatuek egunean bi aldiz entrenatzeko aukera dute atzotik hasita, baina oraindik mugatuta daude, besteak beste, taldean entrenatzeko. Tolosaldea traineruko arraunlariak uretan entrenatzeko esperoan daude, eta bitartean, ariketa fisikoa aire librean egiteko aprobetxatzen ari dira.

Iñaki Arratibel kirol medikua da eta Tolosaldea Arraun Klubean prestatzaile fisiko moduan aritzen da. Traineruko arraunlariak profesionalak ez direnez, lehen fase honetan oraindik neurriak antzera mantentzen direla azaldu du, baina dagoeneko irteera bat ikusten dela: «Hemendik pare bat edo hiru asteetara uretako entrenamenduak hasteko aukera izan daiteke. Bitartean ikusi beharko dugu nola mantendu egiten ari garena eta pixkana uretara joateko pausoa nola aurreikusi».

Hain justu, traineruarekin uretan entrenamendua egiteko aukera bigarren fasean egin ahalko dela dio Arratibelek: «Multzo txiki bat da, kirolari jakin batzuk, leku jakin batean... Bete beharko dira beste baldintza guztiak, adibidez, ezingo direla aldagelak erabili». TAKeko arraunlarien kasuan, San Pedrora joaten dira, bertako klubak uzten baitie trainerua eta azpiegiturak. Bertara joateko baimena lortu beharko dutela dio Arratibelek, eta kontuan izan beharko dutela zenbat autotan egin beharko duten bidaia, baldintzak betetzeko.

Aste honetan aire librean ariketa fisikoa egiteko aukera izateak, entrenamenduak bitan banatzeko aukera eman die. «Batetik, ergometroarekin eta gimnastika ariketekin jarraituko dute, pixka bat arinduta, eta hori bigarren zatiarekin lotu, hau da, gutxienez ordu erdi bat korrika egitea», esan du Arratibelek. Aire librean aritzeak alde psikologikoa ere baduela dio. «San Pedrora joan-etorriak egiteagatik, ez dugu hainbeste korrika saio egiten. Oraingo egoera honek ahalbidetzen duena da korrika saio luzeagoak egitea, eta fase aerobikoarena ere hobeto entrenatzea. Falta zaiguna da berriro uretara joatea, talde lana egitea, eta arraunkera berreskuratzea».

Alde fisikoaren aldetik, arraunlariak «gauzak ondo egiten» ari direla dio Arratibelek. Astero bi edo hirutan ari dira pisua kontrolatzen. «Ni pentsatzen nuena baino hobeto doaz pisuarekin, eta beste urtetan ziur aski gehiago kostatu izan zait kontrolatzea», esan du prestatzaile fisikoak. «Gainera, beraiek eskatzen dute entrenamenduak jartzea, horren gainean daude, eta alde horretatik kontentu gaude zer erantzun ematen ari diren ikusita: heldu batzuen erantzuna da».

Arraun denboraldia egiteko itxaropentsu dago. «Kirol hau den bezala, talde bakoitza besteetatik isolatuta, eta gero lehorrean gauzak ondo egiten badira, nik uste dut aurten ligak salbatu daitezkeela modu batera edo bestera», esan du Arratibelek. «Leku batzuk ez daude prestatuta baldintza guztiak aurrera eramateko, eta beste batzuetan ez dago arazorik».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!